Karlos Renedo eta Garazi Perea zinegotziek iragarri dutenez, EH Bildu udal taldeak Otxarkoagako C merkataritza-gunea, 'merkatu txinatar' moduan ezagutzen den gune komertziala, aktibatzeko plan bat martxan jartzea eskatu du, egun egoera oso txarrean baitago. Horretarako, martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozioa aurkeztu du alderdi soberanistak.
Karlos Renedok azaldu duenez, Otxarkoagako merkatuarekin batera, 'merkatu txinatarra' auzoko komertzioaren erreferentziazko espazioa zen, baina "gaur egun egoera kaskarrean dago, Udal Gobernuaren mantenu eta inbertsio faltagatik". "Hezetasunak eta arrakalak nabarmenak dira egituran, instalazio elektrikoa desastre bat da, estolda eta baranda hautsiak ikus ditzakegu, eta bestelako kalteen abar luze bat", gaineratu du.
Gainera, esan duenez, merkatutik udal taldeari jakinarazi diotenez, "etenaldi edo erretiro baten aurrean martxan dauden negozioekin jarraitzeko, oztopoak eta arazoak errepikatu dira". Egoera hori dela eta, "merkataritza-gune horretan dauden 25 lokal ingurutatik, gaur egun 10 negozio bakarrik daude martxan, gainerakoak hutsik daude, edota errentan hartutako udal-jabetzako lonja batzuk, merkataritza-funtzioa bete beharrean, biltegi eta/edo trasteleku gisa erabiltzen dira".
"Egoera kezkagarria da, are gehiago kontuan hartuta udal Gobernuaren lokalak direla", nabarmendu du.
Konponbideak
Egoera horren aurrean, Pereak iragarri du EH Bilduk konponbideak proposatzen dituela, eta Otxarkoagako 'merkatu txinatarra' aktibatzeko plan bat martxan jartzeko proposamena aurkeztu dutela.
Pereak zehaztu du aktibazio-planaren barne hainbat ekintza abiarazi behar direla, hala nola, merkatuaren birgaitze integralari ekin behar zaiola eta dauden negozioen jarraipena erraztuko dela balizko erretiroen edo kargu-uzteen aurrean.
Era berean, plan horren barne, Udal Etxebizitzen jabetzako lonja hutsak egokituko dira, alokairu publikoan eskaintzeko. Azkenik, dauden lonjen erabilera komertziala lehenetsi eta sustatuko da, biltegi edo trastelekuaren erabileraren ordez.
"Gure helburua da 'merkatu txinatar' bezala ezagutzen dugunak berriro bere jarduera berreskuratzea eta Otxarkoagako herritarrentzat erreferentziazko zentro bilakatzea. Gure auzoei, kasu honetan Otxarkoagari, bizia ematen dien tokiko merkataritza bultzatzeko apustua da, garrantzitsua eta beharrezkoa, alegia", azpimarratu du.