AKTUALITATEA


| 2021-09-21 10:47:00

Bilboko EH Bilduk udal taldeak fiskalitate justuagoa eta progresiboagoa lortzeko neurriak mahaiganeratu ditu, Udal Gobernuak tasak berriro izozteko asmoa agertu duelako, "eliteei berriro mesede eginez, baliabide gutxiago dituzten bilbotarren beharrei erantzun beharrean". 

"Tasak izoztuta, Udal Gobernuak konstruktoreen jarduerak eta enpresa-interes handiak babestu ditu berriro, eta horrek ez dio bilbotarren beharrei aurre egiten laguntzen, COVIDaren ondorioz areagotu direnak", adierazi du Jone Goirizelaiak, EH Bilduren bozeramaileak. Ildo horretan, gaineratu du gaur egun 23.818 pertsona daudela langabezian Bilbon eta oraindik asko iraupen luzeko ERTEan. Hala ere, adierazi duenez, Udal Gobernuak "pandemiaren aitzakia erabili du, tasak bere horretan mantentzeko, eta karga fiskala herritar guztiei helarazteko". 

Horregatik, EH Bilduk erabiltzaileen errentaren araberako tasak ezartzeko sistema abian jartzeko eskatu du. Era berean, ordena erlijiosoek jasotzen duten salbuespenezko  hobaria kentzea proposatu du, "udalaren zeregina ez baita erlijio-sinesmenik edo jarduerarik sustatzea". 

Alderdi subiranistak planteatutako beste gai bat da bosgarren edukiontziaren programari heltzen dioten pertsonei hobariak aplikatzea zaborrak biltzeko zerbitzua emateagatiko tasan; bilbotarrek birziklatzearen aldeko konpromiso handiagoa har dezaten eta, horrela, Bilbon materia organikoaren konpostaje-mailak handitu daitezen. 

EH Bilduren helburu garrantzitsua da, halaber, higiezinen espekulazioa indargabetzea eta kapital handiagoei ekarpen handiagoa eskatzea. Hala, eskatzen du ondasun higiezinen gaineko zergaren legezko errekargu handiena ezartzea subjektu pasiboaren bizileku ez diren bizitegi-erabilerako higiezinei, etxebizitza hutsen funtzio soziala sustatzeko eta etxebizitza-parke publikoa handitzeko. 

Halaber, Goirizelaiak azaldu duenez, Udalak Zorrotzaurren hirugarren sektoreko erabilera duten izango obra handiak zergen jaitsierarekin ez saritzea eskatzen dute, "uharte hau paradisu fiskal bihurtu dute", azaldu du. 

"Udal Gobernuak ordenantza fiskalak izoztuz, bizkarra ematen die baliabide gutxiago dituzten bilbotarrei,  pandemia eragiten ari den ondorio sozioekonomiko larriak kontuan hartu gabe", kritikatu du Goirizelaiak. “Horregatik, EH Bilduko kideok bidezko politika fiskalak proposatzen jarraituko dugu, etxebizitza eskubidea sustatzeko, tasak erreta mailari lotzeko eta gehiegizko turismoari lotutako tasa bat ezartzeko".