AKTUALITATEA


| 2024-09-17 10:19:00

EH Bildu udal taldeak neurri sorta bat aurkeztu du “turismoaren industriaren kanpo-efektu negatiboak arautzeko eta kontrolatzeko, herritarrek pairatu ez ditzaten” eta turismoak "hiribilduan benetako itzulera positiboa izan dezan". 

Hala adierazi du gaur Maria del Rio bozeramaileak Garazi Perea eta Xabier Fernandez zinegotziekin batera emandako prentsaurrekoan. Bertan, EH Bilduk proposatutako neurriak iragarri ditu, hala nola,  tasa turistikoa udalak kudeatzeko eta progresiboa izateko; bisitaldi gidatuen arautzea, bizilagunengan duen eragina kontrolatzeko; eta auzoetan plaza turistikoen banaketa, hiriko auzo jakinetan saturazioa saihesteko eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiteko. 

Del Riok azaldu duenez, turismoa "Bilbon gero eta pisu handiagoa duen industria da", eta, industria orok bezala, "kanpo-eragin negatiboak ditu, hau da, gizarte osoari kalte egiten dioten nahigabeko ondorioak". Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: lurzoruaren okupazioa eta etxebizitzaren garestitzea, tokiko merkataritzaren gaineko eragina, zenbait zerbitzu publikoren saturazioa, hala nola zabor-bilketa; espazio publikoaren erabilera intentsiboa, sortzen dituzten zarata-arazoekin edo eragin ekologiko ukaezinarekin. 

"Erakundeek, Bilboko Udalak, kasu honetan, kanpo-efektu horiek arautzeko erantzukizuna dute, haien eragin negatiboak arintzea bilatuz, kontuan hartuta, gainera, bereziki auzo jakin batzuetan kontzentratzen direla, Alde Zaharrean adibidez, baina hiriko gainerako lekuetara hedatzen ari direla", nabarmendu du. 

Turismo-tasa 

Hori dela eta, EH Bilduk iraileko osoko bilkuran eztabaidatuko diren hainbat proposamen aurkeztu ditu. Lehenengo neurria turismo-tasarena da. Maria del Riok azaldu duenez, erakunde guztiek tasa ezartzeko beharra onartu eta lanean ari diren honetan, "garrantzitsua da udalaren jarrera argia finkatzea, tasa turistikoak benetan bete ditzan ezarritako helburuak". 

Horregatik, mozio baten bidez, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatzen dio lan egin dezala tasa turistikoa zuzenean Udalak kudea dezan eta tasa progresiboa izan dadin. “Turismo-tasa progresibo bat, ostatu-motagatik ordaintzen dena, ez da galga hiriarentzat, etorkizunerako inbertsioa baizik, izan ere, garapen turistikoa tokiko komunitatearen kontura ez izatea eta sortzen dituen gastuetan parte hartzea bermatzeko modu bat da”, azaldu du.

Auzoetako turismo-plazak antolatzea 

Bestalde, Garazi Pereak zehaztu duenez, gaur egun Bilbon 17.939 turismo-plaza daude legez erregistratuta, eta askotariko modalitateak daude: erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak, hotelak, pentsioak, aterpetxeak, ostalaritzak... “Etxebizitza eta logela turistikoen leherketa bat egon da Bilbon, izan ere, azken bost urteetan % 258ko igoera izan dute eta egun 5.229 plaza daude. Eta hori legea betetzen ez duten ostatuak kontuan hartu gabe", gaineratu du. 

Egoera horren aurrean, EH Bilduk horrelako bizitokien egoera antolatzeko ekimen ugari erregistratu dituela adierazi du. "Hala, HAPOa unean-unean aldatuko dela iragarri da", gogorarazi du, baina zehaztu du "turismo-plazak pisu turistikoetatik harago" doazela. 

Ildo horretan, azken bost urteetan hotel-plazak 9.000 plaza baino gehiagora igo direla aipatu du, Bilboko hotel-edukiera % 37 handituz". "Alde Zaharrean 7 hotel sortu dira 5 urtean, eta gehiago espero dira. 7.000 pertsona pasatxoko auzoa da, eta 2.000 turistarentzako lekua du. Saturazio egoera nabarmena da", gaineratu du. 

Egoera horri irtenbidea emateko eta, batez ere, "etortzeke dagoenari aurrea hartzeko", Pereak mozio bat aurkeztu dutela iragarri du. Horren bidez, Udal Gobernuari eskatzen dio plaza turistikoen eskaintza orokorra hirigintzaren aldetik arautzeko, Bilboko auzoetako eskaintza ordenatzeko. 

“Erregulazio horren bidez, hiriko turismo-plazak hiri-eredu jasangarri batekin bateragarri izatea lortu behar da,  oinarrizko eskubideak, etxebizitzarako eskubidea eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza bermatze aldera", azpimarratu du. 

Free tour

Bestalde, Xabier Fernandezek adierazi du turismoaren industriaren beste fenomeno bereizgarri bat taldeko eta gidatutako bisita turistikoen ugaritzea dela, "espazio publikoaren erabilera intentsiboa dakartenak, horrek sortzen dituen ondorioekin, hala nola bizilagunei eragozpenak, zaratak eta abar. 

Bere ustez, "garrantzitsua da bisitariek Bilbo eta Euskal Herria ezagutzea, eta bertako jendearekin elkarreragitea", baina jarduera hori "antolatu egin behar da, esperientzia guztiontzat aberasgarria izan dadin eta auzokideak kaltetuak izan ez daitezen". 

Fernandezen esanetan, Udalak "pauso interesgarri batzuk eman ditu zentzu horretan", baina "ez dira nahikoak". Gogorarazi du, EH Bilduren ekimenez, 2022an bisita gidatu horien eragina aztertzeko akordio bat hartu zela eta horientzako jardunbide egokien eskuliburu bat egin dela. 

"Orain pauso bat gehiago eman eta alderdi horiek guztiak arautu behar dira, ordenantza batean sartuz, eta hori da, hain zuzen ere, gure bigarren mozioaren bidez eskatzen duguna: borondatetik, eragina aztertzetik eta jardunbide egokiak proposatzetik, ekintzetara pasatzea: jarduera bat arautzea, hura deskontrolatu baino lehen", amaitu du.