EH Bildu udal taldeak mozio bat aurkeztu du Barreinkua 2 orubean, Magisteritza eskola (BAM) zegoen lekuan, espazio libre bat sortzea eskatzeko, auzotarren eskariari erantzuteko helburuarekin. Izan ere, bizilagunek aspaldi salatu zuten operazio hori hirigintza ‘pelotazo’ bat zela eta horrek eskolan eta auzoan izango lukeen eragina; hurbileko espazio libre publikoak behar baitira, batez ere haurrentzat eta adinekoentzat.
Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du Mutualia klinika berriaren eta partzela horretako apezpiku-egoitzaren obrak gelditu direla, Donostiako merkataritza-arloko 2 zenbakiko epaitegiak hartzekodunen konkurtsoan deklaratu duen eraikuntza-enpresaren porrotaren ondorioz.
Nabarmendu duenez, egoera horrek "aukera" ematen du eremu horretan espazio libreen beharrari erantzuteko eta jabearekin lurzati osoa ez okupatzea negoziatzeko, baita planifikatutako eraikinerako beste kokapen bat ere bilatzeko.
Ildo horretan, gogorarazi du HAPOren Aurrerakinean ‘lehentasunezkotzat’ jotzen zela lurzatia dagoen eremua, etxebizitzetatik 300 metro baino gutxiagora dauden hurbiltasun-espazioen premiagatik, bereziki garrantzitsuak direnak adineko jendearentzat, mugikortasun urriko pertsonentzat eta haurrentzat.
Nolanahi ere, orubearen kokapena kontuan hartuta, eraikuntzarik eta makineriarik gabe geratu dela jakinda, Renedok eskatu du "negoziazioa hasi bitartean edo, obrak behin betiko gelditzen badira, beharrezkoa dela orubea hiriarentzat egokitzea eta espazio libre bilakatzea".
"Udal Gobernuari eskatzen diogu negoziatzeko eta auzotarren beharrezko aldarrikapenei irtenbidea emateko. Bestela, azken aukera galduko dugu eraikin dentsitate handiko eremu batean espazio publiko bat lortzeko ", amaitu du.