AKTUALITATEA


| 2024-01-16 11:31:00

Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak Zabalguneko plaza eta garajea eraberritzeko Udal Gobernuak gaur hedabideei aurkeztu dien proiektua kritikatu du; izan ere, alde batetik, "inguruko bizilagunekin kontrasterik gabe egin da, espazio berriak sortu edota eraberritzerakoan herritarren parte hartzea ezinbestekoa denean".

Bestalde, Renedoren esanetan, Emisio Txikiko Eremuaren erdigunean aparkalekua handitzea "guztiz kontraesankorra da ordenantza berriarekin lortu nahi diren helburuekin". Ildo horretan, "plangintzarik eza" deitoratu eta mugikortasun-politika "kontraesankorren" garapena kritikatu du: "horrela lortzen duten gauza bakarra herritarrak nahastea da".

Renedok adierazi duenez, auzotarrak "haserre" agertu dira plaza berriaren proiektuaren aurrean, izan ere, "auzoaren beharrak zeintzuk diren jakiteko aurretiko kontraste-lanik egin gabe" aurkeztu dira. Ildo horretan, azaldu duenez, "proiektuak ez du aurreikusten, adibidez, haurrentzako jolasgunerik, ezta komunik ere, inguruko bizilagunek eskatzen duten bezala". "Auzotarrek, gainera, kezka agertu dute plazako egungo zuhaitzei buruz, haien babesa aldarrikatuz", gaineratu du.

Bestalde, Zabalguneko txandakako aparkalekua bi solairutan eta 189 plaza gehiagotan zabaltzeari dagokionez, Renedok adierazi du "erabat kontraesankorra" dela Emisio Txikiko Eremuaren ordenantzarekin lortu nahi diren helburuekin. "Kontuan hartuta aparkalekua ZBE erdian dagoela, ibilgailu gehiago sartuko dira eremu horretara, ustez kontrakoa nahi denean, kutsadura eta eragozpen gehiago sortuz", azaldu du. "Edonola ere, lehentasuna eman behar zaie egoiliarren aparkalekuei, eta horiek ezin dira salbuespena izan proiektu berrian", nabarmendu du.

"Beste behin ere, gobernu-taldeak gauzak bere kabuz egiten ditu ordezkatzen dituen herritarrak kontuan hartu gabe, inguruko bizilagunen beharrak asetzen ez dituen proiektu bat aurkeztuz eta, gainera, ZBEren ordenantzaren helburuen aurkakoa", gaineratu du.