AKTUALITATEA


| 2023-05-23 17:59:00

Iker Casanova ahaldun nagusigaiak eta Maria del Rio Bilboko alkategaiak industria aurreratua, sozialki arduratsua eta ingurumenarekiko jasangarriaren aldeko apustua egin dute gaur, “Bizkaiaren eta Bilboren etorkizun ekonomikoaren aldeko apustua delako”.

EH Bilduko hautagaiek gaur egin dituzte adierazpen horiek, Elorrietatik egindako agerraldian. Bertan, Casanovak gogorarazi du “Bizkaia industrian oinarrituta eraiki zela, bereziki, Bizkaiko hirigunea eta Ezkerraldea”.

Horregatik, bere ustez, “beharrezkoa da industria Bizkaira eta Bilbo eta Ezkerraldeko eremu horietara indarrez bueltatzea, baina 5.0 industria, industria modernoa, teknologikoki aurreratua, sozialki arduratsua eta ingurumenarekiko jasangarria”. Hori horrela, Punta Zorrotzan, Zorrotzaurren eta Burtzeñan parke teknologiko handi bat defendatu du, “aukera-gune handi bat sortzea ekarriko lukeena, eta onura ugari ekarriko lizkiokeena eremu horri eta Bizkaia osoari”.

Ildo horretan, adierazi du, alde batetik, “lanpostu kualifikatuak sortzea ekarriko lukeela 5.0 industriaren eremuan, abandonatutako espazioak berroneratzea, eta industria-ondareko elementuak berreskuratzea, hala nola Euskal Errotak, kordeleria, Zorrotzako tailerrak eta Alzola zubia”.

Era berean, gaineratu duenez, “arkitektura-oztopoak kentzea eta mugikortasun-beharrak murriztea ekarriko luke, lehendik zeuden gaitasun handiko azpiegiturak aprobetxatuz”. Horren harira, azaldu du “gaur egun dagoen Renferen trazadura aprobetxatuko lukeela, auzoan lurperatuz, eta errepideko joan-etorriak murriztuz, metropoliko hiri-eremuan enpleguak sortuko lituzkeelako”.

“Azken batean, Zorrotzarentzat, Barakaldorentzat, Bilbo osoarentzat eta Bizkaiarentzat aukera ekonomiko eta sozialerako espazio izugarri bat sortzea izango litzateke”, nabarmendu du.

 Horizontalean eraiki

Bere aldetik, Maria del Riok gogorazi du, “adierazle ekonomiko eta sozial ugariek adierazten dutela Bilbo gero eta geldoago dabilela”. Kritikatu duenez, “azken hamarkadetan, Bilbo bertikalean eraiki da” eta adibide bezala “Torre Bizkaiako BAT” jarri du, izan ere, “ekintzailetza erakarri beharrean, lehendik zeuden ekimen gutxi batzuk, lurralde bereko zentro batetik bestera eramateko baino ez du balio izan”.

Eta, gaineratu duenez, “lehendik zeuden espazioetan gaizki egin bada, are okerragoa da, neurri handi batean, zerotik eraikitzen diren eremuetan marrazten den panorama”. “Horrela, berrikuntza laborategi bihur zitekeen Zorrozaurre galdutako azken aukera izan da Bilborako”, nabarmendu du.

Horregaitik, foru zein udal mailan “gaur egun dagoena kudeatzera mugatzen ez diren gobernuen” beharra aldarrikatu du, eta EH Bilduren apustua “Bilbo euskal ereduaren aitzindari bihurtzea” dela azpimarratu du, “mundura konektatuta, baina gure nortasunaren eta kulturaren potentzialaren tanta bakoitza aprobetxatuz”. “Bilbo gizarte-berrikuntzaren abangoardia izatea nahi dugulako, gure inguruneari zein munduari begira”, esan du.

Horrela, EH Bilduk “Bilbo horizontalean eraiki nahi” duela azpimarratu du, “hori baita gizarte-kohesioa bermatzeko modu bakarra, eta ezinbestean azalduko zaizkigun erronkei aurre egiteko funtsezkoa, hala nola erronka energetikoei edo klimatikoei”.