AKTUALITATEA


| 2024-06-26 09:15:00

Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak iragarri du bere alderdiak mozioa aurkeztu duela ekaineko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Bertan eskatzen du Udal Gobernuak plan bat egin dezala hondartza berdeak barruti guztietara zabaltzeko, bakoitzak, gutxienez, horrelako espazio bat izan dezan eta Bilboko bizilagun guztiek udaz gozatzeko aukera izan dezaten etxetik gertu. 

Pereak gogorarazi duenez, 2020ko ekainean, EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak lau hondartza berde egokitu zituen Bilbon, Arraiz mendiaren hegalean, Iturrigorri-Peñascalen, Etxebarria parkean eta bestea Ibaiederren, Abusun. 

EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du espazio horiek Covidaren testuinguruan egokitu baziren ere, denborak erakutsi duela bilbotarrek "harrera bikaina" egin dietela, aisialdi osasungarrirako alternatiba eskaintzen dietelako herritar guztiei eta familiei oro har, haurrei eta adinekoei bereziki.

Pereak azaldu duenez, aisialdirako guneak dira, berdeguneak, etxetik gertu daudenak, une jakin batean toalla bat jartzeko eta freskatzeko aukera ematen dutenak, eta Bilbon udan aire zabalean aisialdirako aukera iraunkorra eskaintzen dutenak. “Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu hondartza berde horiek Bilboko barruti guztietara zabaltzeko plan bat ezartzea, bizilagun guztiek izan dezaten horrelako espazio bat etxetik gertu izateko aukera” gehitu du. 

"Zaintza oinarrizko premiak asetzetik harago doa, eta etxetik gertu aisialdi osasungarriaz gozatu ahal izateak ere laguntzen du pertsonen ongizatean. Horregatik, horri buruzko akordio bat lortzea espero dugu ", amaitu du.