AKTUALITATEA


| 2021-10-28 10:03:00

EH Bildu udal taldeak hainbat hobekuntza lortu ditu Garellanoko Autobus Geltoki Intermodalaren Ustiapen eta Funtzionamendurako Barne Araudiko Proiektuan, irisgarritasun unibertsala, hizkuntza eskubideak, ingurumen oinarriak eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko. Alderdi sobiranistak araudiari aurkeztutako 17 zuzenketatik zati handi bat onartu ondoren egin dira hobekuntza horiek.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, EH Bilduren proposamenei esker, genero ikuspegitik inklusiboak ez diren 20 adierazpen baino gehiago zuzenduko dira araudian, eta, aldi berean, geltoki intermodal osoko paisaia linguistiko eta seinaletikoan hizkuntzaren erabilera sexistarik ez egiteko zuzenketa ere onartu da.

Intermodalaren erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko zuzenketei dagokienez, EH Bilduri esker, egokitutako seinaletika ere elebitan izango da; geltokiko kontsigna-zerbitzuaren etiketak, taloiak eta egiaztagiriak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta geltokiko langileek behar bezala beteko dituzte zerbitzuaren funtzionamendu-beharrak, zerbitzua bi hizkuntzetan ematea erraztuz.

Geltoki intermodalaren irisgarritasun unibertsala hobetzeko urratsak ematea ere lortu du, izan ere, EH Bilduren ekimenari esker, atzerapenak bai geltokian jarritako informazio-pantailetan, bai megafonia-sistemaren bidez iragarriko dira, aldi berean eta beti elebitan. “Horrela, entzuteko edo ikusteko desgaitasuna duten pertsona guztien autonomia osoa bermatzen dugu”, Zubizarretak azaldu duenez.

Ingurumena zaintzeari dagokionez, adierazi duenez, “gure zuzenketa onartu ondoren, 3 hilabeteko epean inork erreklamatu ez dituen objektu garrantzitsuak berrerabiltzeko eta birziklatzeko printzipioari jarraituz kudeatuko dira".

Erabiltzaileen eskubideak indartzeko neurriak ezartzeari dagokionez, EH Bilduren ekimenez, atzerapenen bat izanez gero, geltokiak ziurtagiri bat eman beharko die txartela daramatenei eta hala eskatzen dutenei; horrela, erabiltzaileek, nahi izanez gero, programatutako orduan geltokitik irten ez direla ziurtatu ahal izango dute.