AKTUALITATEA


| 2021-12-21 12:18:00

EH Bildu Bilbok hainbat neurri aurkeztu ditu Bilboko eta bilbotarron susperraldi ekonomikoa eta soziala indartzeko.  Horrela ekimen ezberdinak mahai gaineratu ditu pandemiaren ondorioek gehien zigortutako sektore eta pertsonei laguntzeko, arrakala digitala murrizteko, enplegua sustatzeko, ikastetxeetan prebentzio-neurriak ezartzeko, osasun mentala zaintzeko, gure auzoetan kultura bultzatzeko eta, azken batean, bilbotarrak erdigunean jartzeko.

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaileak, adierazi duenez, pandemia hasi zenetik alderdi subiranista herritarrei zerbitzua emateko lanean egon da eta konpromiso horri eutsi dio. Ildo horretan, gogorarazi du EH Bildu izan zela Bilbon erreskate-proposamen bat egin zuen lehen udal-taldea, “bilbotarrak zaintzeko eta haien egunerokoa hobetzen laguntzeko, COVID-19ak eragindako ondorio larriak kontuan hartuta”.

«Neurri horiek larrialdi-egoera baterako premiazko ekintza gisa planteatu ziren, eta, testuinguru horretan, Bilbao Aurrera plana ere egin genuen, Udalbatzako alderdi guztien artean adostuta, eta birritan egokituta», gogorarazi du.

Hala ere, esan duenez, ia bi urte igaro dira pandemia hasi zenetik, eta, gaur egun, “neurri koiunturaletatik harago, egiturazko neurriak hartu behar dira, eta horretarako tresna nagusia urteko udal-aurrekontua izan behar zen, baina, tamalez, ez da horrela izango”.

Indartze-plana

Testuinguru horretan, Goirizelaiak Bilboko errekuperaziorako itun bat eskatu du, eta EH Bilduk neurri “erreal eta eraginkor” batzuk aurkeztu ditu, “guztion artean gobernu taldeak aurkeztutakoa baino anbizio handiagoko plan bat diseinatzeko, izan ere, gobernu taldearenak hainbat gabezia ditu eta gure ekimenekin horiek zuzentzen saiatu izan gara”.

Besteak beste, EH Bilduk proposatu du Udalak laguntzak ezar ditzala baliabide gutxien dituzten familia-unitateek (alargunek, erretiratuek eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonek) LAGS arte kobratu ahal izateko;  osasun mentala zaintzeko neurriak, gizarte-bazterketako egoeran dauden adingabeentzako eguneko zentroak eta gizarte- eta hezkuntza-programak indartzea; eta enplegu-plan berezi bat, besteak beste: 45 urtetik gorako langabetuei, iraupen luzeko langabeei, desgaitasunen bat duten edo egoera zaurgarrian dauden pertsonei zuzendua.

Era berean, pandemiaren ondorioz sortutako eten digital handiari aurre egiteko hainbat neurri planteatu dira, pertsona nagusiei eta gizarte-bazterketako arriskuan daudenei zuzenean eragiten dietenak, hala nola Eusko Jaurlaritzaren beketatik kanpo geratu diren familientzako tabletak eta ordenagailuak eskuratzeko programa bat, gaitasun digitalak eskuratzeko programak eta San Agustingo Herritarrentzako Arreta Bulegoan leihatila bakarra instalatzea izapideak bide elektronikoz egiteko orduan aholkularitza eskaintzeko.

Halaber, COVID-19a prebenitzeko hainbat neurri proposatu ditu EH Bilduk ikastetxeetan, hala nola airea iragazteko eta garbitzeko ekipoak alokatzea Bilboko ikastetxe publikoetako haur-hezkuntzako geletan jartzeko, eta behin-behineko karpak edo aire zabaleko beste aukera batzuk eskaintzea.

Gainera, honako hauek proposatzen ditugu: tokiko merkataritza bultzatzeko kanpaina; auzoetako jai-batzordeei laguntza ekonomikoa ematea formatu txikiko jardueren bidez kultura deszentralizatuta suspertzeko, eta garapen bidean dauden herrialdeetan txertaketa indartzeko laguntzak ematea, GKEekin eta Osakidetzarekin egindako lankidetza-hitzarmenen bidez.

"Bistakoa da Bilbon premiazko neurriak behar ditugula COVIDaren ondorio sozio-sanitarioei aurre egiteko, eta, aurrekontuarekin aukera bat galdu dela kontuan hartuta, akordio bat lortzea espero dugu, Bilboko inor atzean gera ez dadin", nabarmendu du Goirizelaiak.

Horrela, gobernu taldeak proposatzen duen Bilbao Aurrera planaren aurrean, EH Bilduk “ez du pandemiaren ondorioei eusteko plan bat proposatzen, baizik eta epe ertain eta luzerako berreskuratze plan bat, egiturazko neurriekin”. Horrela, neurri berriak proposatzen ditugu eta gobernu-taldeak planteatzen dituen neurrietako batzuk indartu.

«Jendearen bizitza hobetzeko aurkezten zaizkigun aukera guztiak baliatuko ditugu», nabarmendu du Goirizelaiak.