AKTUALITATEA


| 2023-02-14 12:34:00

EH Bilduk mozio bat erregistratu du Udal Gobernuari eskatzeko gaueko aisialdi gune pribatuetan erasoen, jazarpenaren eta indarkeria matxistaren eta LGTBIfobikaren aurkako protokoloa egin dezala; prebentzio-jarduerak gauzatzeko eta erasoak jasan dituzten pertsonei zuzeneko eta lehentasunezko arreta emateko. Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Jone Goirizelaia eta Alba Fatuarte udal-taldeko zinegotziek.

Mozioan, protokolo hau inplikatutako eragile guztiekin kontrastatzeko eta lankidetzan egiteko eskatu dute: ostalaritza, mugimendu feminista, LGTBI mugimendua, emakumeen kontseilua eta udal-taldeetako ordezkariak.

Goirizelaiak eta Fatuartek azaldu dutenez, gaueko aisialdirako lokalak, diskotekak, kontzertu-aretoak, tabernak eta jaialdiak elkartzeko eta harremanetan jartzeko guneak dira, eta, bertan, bizi garen gainerako guneetan bezala, sexu-erasoak gerta daitezke. Hala, Bartzelona eta Iruña bezalako hiri batzuek gaueko aisialdirako espazioetan jazarpen matxistaren aurrean protokolo propioak dituztela azaldu dute.

Bilboren kasuan, gogoratu dutenez, joan den ekainean, EHBilduren ekimenez, Osoko Bilkurak erabaki zuen indarkeria matxista prebenitzeko ekintzak sustatzea auzoetan ospatzen diren jaietan, jai batzorde, ostalari eta mugimendu feministarekin elkarlanean. “Akordio garrantzitsua, zalantzarik gabe”, adierazi dute.

Indarkeria matxistaren aurkako rol aktiboa

Hori dela eta, orain, EH Bilduk beste urrats bat egitea eskatu du: protokolo bat egitea eraso, jazarpen eta indarkeria matxistaren eta LGTBIfobikoaren aurka, gaueko aisialdi gune pribatuetan eta pertsona ugari hartzen dituzten jaialdietan, hala nola BBK Liven. “Horrek, askatasun indibidual eta kolektiboen errespetuan oinarritutako jai- eta gaueko aisialdi-eredu bat sortzen lagunduko luke”, nabarmendu dute.

Goirizelaiak eta Fatuartek zehaztu dutenez, protokolo horri atxikitzea borondatezkoa izango litzateke, eta atxikitako lokalek konpromisoa hartuko lukete beren langileak prestatzeko emakumeen aurkako indarkeria-egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta egoera horietan jarduteko. Prestakuntza Udalak bultzatuko eta finantzatuko luke, eta, era berean, bere instalazioetan eraso sexistarik gertatuz gero nola jokatu behar den azaltzen duen eskuliburu bat eskainiko luke.

Bestalde, esan dutenez, atxikitako lokalek puntu arriskutsuak lokalizatu eta egokituko lituzkete (adibidez, ispiluak eta argiak jarriz); eta aisialdiko eskaintza berrikusiko lukete, emakumeak iraintzen dituzten ekintzak egitea saihesteko, hala nola kartel sexistak.

“Era berean, arriskutsuak edo deserosoak izan daitezkeen egoerak detektatzean eta, eraso bat gertatu denean, biktimak artatzeko ardura hartuko lukete, gune horiek indarkeria matxistaren aurkako rol aktiboa izan dezaten bermatzeko”, azaldu dute. 

“Beharrezkoa da guztiok inplikatzea indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Hiriko gaueko aisialdiko eragileen jarduera bateratu eta koordinatuak gizartea eraldatzen, desberdintasunak iraultzen eta berdintasunaren eta errespetuaren aldeko testuinguru sozial eta kulturala sortzen laguntzen du”, nabarmendu dute.