AKTUALITATEA


| 2020-05-24 12:52:00

EH Bilduk Gatzaren Matxinadan jazarritako bizkaitarrak gogoratu ditu gaur, lore eskaintza xume baten bidez. Omenaldira bertaratutakoek krabelin gorri bana jarri dute San Anton elizako oroitarriaren azpian, Bilboko Udaletxe zaharra zegoen lekuan.

1631 eta 1634 urte artean luzatu zen matxinada hura ez zen izan gatzaren inpostuaren igoeraren kontrako protestaldi soil bat, Espainiar Erresumaren asmo zentralisten kontrako eta Bizkaiko foruen aldeko altxamendu herritarra baizik.

Horregatik, EH Bilduk garai hartako krisialdi politiko, ekonomiko eta sozialaren eta gaur egungo egoeraren arteko zenbait lotura nabarmendu nahi izan ditu, besteak beste, krisi sanitarioaren eskutik datorren larrialdi sozioekonomikoak herritar askoren bizi baldintzak okertu baititu, eta horrek politika publikoetan norabide aldaketa ekarri behar duela defendatu du.

Gaurko omenaldia baliatuz, EH Bilduk bilbotar kolpatuenak gogoratu nahi izan ditu: lan gabeak, ofizioetako langileak, dendari txikiak eta tabernariak, zaintza lana egiten dutenak, gazte prekarioak eta pentsionistak. Adierazi dutenez, “euren etorkizuna defendatzeko modurik onena politika eta zerbitzu publikoak sendotzea da”, eta “interes zentralisten aurrean, EH Bilduk Bilboko eta Euskal Herriko herritar guztiak defendatuko ditu”.