‘Plaza Eliptikoak’ bere izena berreskuratuko du, martxoko Udalbatzan EH Bilduren ekimenez aldaketa hori onartu ondoren. Maria Del Rio EH Bildu udal taldearen bozeramailearen ustez, albiste “ona” da, izan ere, "aldaketa Memoria Historikoaren legearen filosofiarekin bat dator; baina, bereziki, hiritar eta elkarteek urte luzez egindako eskaeren emaitza da".
Gainera, gogorarazi duenez, aldaketa hori datorren urtean Bilboko erorketaren 90 urte beteko direnean emango da, eta une honetan "inoiz baino beharrezkoagoa da balio antifaxistak etorkizunera proiektatzea". "Kontua ez da historia ezabatzea, baizik eta kale batek pertsona baten izena izateak dakarren aitorpena eta ohorea ezabatzea", zehaztu du.
EH Bildu udal taldearen bozeramailearen esanetan, kale-izendegia "ez da bigarren mailako kontu bat, bere garrantzia funtsezkoa da, espazio publikoa modu sinbolikoan markatzen duelako eta memoria jakin bat finkatzeko balio duelako ere bai".
Del Riok gogorarazi duenez, Federico Moyua Bilboko alkate izan zen Primo de Riveraren diktaduran, eta tropa frankistak 1937an Bilbon sartu eta gutxira, plazari bere izena ematea erabaki zuten. Izan ere, "une horretan kale izendegia aldatzeko kanpaina bat hasi zen", gaineratu du.
"Bazen garaia Plaza Eliptikoak bere izena era ofizialean berreskuratzeko, lan egin duten pertsona eta elkarte horiei guztiei aitortza publikoa egiteko; eta, azken finean, gobernantza kooperatibotik abiatuta oroimen ariketa kolektibo bat egiteko aukera ematen digulako", azpimarratu du.
"Bilbotarren ahotan beti Plaza Eliptikoa izan da, orain izen ofizial giza berreskuratzen da", esan du.
Bilbon, 2026ko ekainaren 30ean.