AKTUALITATEA


| 2023-04-28 12:43:00

María del Ríok, EH Bilduko Bilboko alkategaiak, eta Iker Casanovak, Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak, foru eta udal erakundeen papera aldarrikatu dute, lan eskubideak bermatzeko orduan, eta EH Bilduk gobernatzen duen tokietan, langileek duintasuna eta eskubideak irabazten dituztela gaineratu dute.

María del Ríok eta Iker Casanovak adierazpenok egin dituzte Aldundiaren egoitzaren aurrean egindako agerraldian. Bertan, erakundeek lan baldintzetan duten ardura gogorarazi dute. Ildo horretan, Bilboko alkategaiak azaldu duenez, egunotan, sindikatuek Bilboko kaleak betetzen dituzte, “prekarietateak osasuna baldintzatzen duela salatzeko; heriotzaraino zenbaitetan. Maiatzaren 1ean ere, aterako dira kalera, hamaika aldarrikapenekin”.

“Egia esan, mobilizazioak, zenbait buruzagi jeltzaleri hainbeste enbarazu egiten dietenak, gure kaleetako egunerokotasuna dira, hemen zein udaletxean. Enpresa pribatuetako langileak izan arren, zerbitzu publikoak eskaintzen dituztelako”, gaineratu dudu.

Bere esanetan, EAJk gobernatzen dituen erakundeetan, “bizkarra ematen zaie langileen aldarrikapenei, esaterako, egoitzetako langileei”. “Grebetan daude, baldintza duinak eskatuz, haiek ere erabiltzaileei kalitatezko zaintzak eskaintzeko. Gezurra da erakundeek ezin dutela lan-gatazka horietan parte hartu”, ziurtatu du María del Ríok.

Ildo horretan “egin daitekela eta egin dela” azpimarratu du, izan ere, azaldu duenez, “EH Bilduren Gipuzkoako Gobernutik egin genuen, eta Aldunditik inplikatu ginen, lurraldeko egoitzetako langileen baldintzak hobetzeko”. “Ezin dugu onartu diru publikoarekin gutxi batzuek irabaztea, guztien prekarietatearen kontura eta zerbitzu publikoen kalterako”, salatu du Bilboko alkategaiak.

María del Ríok Bilboko udaletxearen aurrean ere protesta ugari daudela adierazi du eta aurreko legealdian izandako borroka luzeak gogorazi ditu: 010 arreta zerbitzua, garbiketa, Gizarte Zerbitzuak edo SAD Etxerako Laguntza Zerbitzuak. Azken horiek, 8 urtez mobilizatu dira lan hitzarmena lortu arte. Gatazka horietako asko, gainera, sektore feminizatuetan ematen direla zehaztu du.

Bizkaia pribatizazioaren epizentroa

Bestalde, Iker Casanovak salatu du Bizkaia zerbitzu publikoen pribatizazioaren “epizentroa” dela. Azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak “zerbitzu publikoak pribatizatzeko politika sistematikoa garatu du, Aldundiko enpresa satelite talde txiki baten mesedetan”.

Casanovak nabarmendu duenez, “eraldaketa garai batean gaude, eta, une honetan, herritarrek segurtasuna eta ziurtasunak behar dituzte, besteak beste, eskubideak bermatzen dituzten zerbitzu publikoak eraginkortasunez eskainiko direla eta zerbitzu horiek eskaintzeko lan egiten duten pertsonek lan-baldintza duinak izango dituztela ziurtatzea”.

Ildo horretan, ohartarazi du “zerbitzuen pribatizazioa atetik sartzen denean zerbitzuen eta lan-baldintzen kalitateak leihotik salto” egiten duela. Hori dela eta, “beharrezkotzat” jo du “EAJk Bizkaian bultzatu duen zerbitzu publikoak ahultzeko eta pribatizatzeko politika iraultzea”.

“EH Bilduren konpromisoa kalitatezko zerbitzu publiko aldeko apustu argia eta irmoa da, herritarrei zerbitzu egokiak eskaintzeko eta langileei kalitatezko lan-baldintzak bermatzeko”, azpimarratu du.