AKTUALITATEA


| 2023-08-24 10:33:00

Lehen balorazio batean, EH Bilduk deitoratu egin du udal zerga eta tasak arautzen dituzten ordenantza fiskalei buruzko "hausnarketa sakonik ez egitea", fiskalitate progresiboagoa lortzeko bidean.

Maria del Rio bozeramaileak adierazi duenez, aurkeztutako ordenantzen proposamenak % 3ko igoera orokorra planteatzen du 2020arekin alderatuta, tasa gehienetan. Zentzu horretan, galdetu du "zergatik % 3 eta ez % 2, % 4 edo beste zifra bat? zergatik igoera bera tasa gehienetan?, baina okerragoa dena, tasa gehienak % 3 igotzen diren bitartean, zergatik ez da inolako igoerarik planteatzen jarduera ekonomikoen gaineko zergan, bi milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena duten enpresek ordaintzen duten zerga bat dela kontuan hartuta?".

Bestalde, Maria del Riok bete ez diren promesetako batzuk zerrendatu ditu. Ildo horretan, gogorarazi du, EH Bilduren proposamen baten ondorioz, Udal Gobernuak konpromisoa hartu zuela herritarrek ordainduko duten zaborren tasa berria zehazteko, hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordain dezan eta gehien birziklatzen duenak gutxiago ordain dezan, baina "ez da horrela izan, bere konpromisoa paper errean geratu da eta aurkeztutako proposamenak ez du horri buruzko ekarpenik egiten".

Halaber, adierazi duenez, "oraindik ez da iritsi 2017an kale-izendegiaren kategorietan agindu zuten aldaketa, enpresek ordaintzen dituzten zergei eta herritarrek ordaintzen dituzten tasei zuzenean eragiten dieten bidegabeko egoerak luzatuz". “Argi dago udal gobernuak ez dituela lanak egin”, gaineratu du.

Proposamenaren aldaketa urriei dagokienez, EH Bilduko bozeramaileak familia ugariei ezarritako hobariak aipatu ditu. Ildo horretan, "ulertezina" iruditu zaio familia batek errenta altua izan arren, hobari garrantzitsuak jaso ahal izatea familia ugaria izateagatik, beste familia batzuek zailtasun handiak dituzten bitartean.

Gainera, Maria del Riok kritikatu du Udal Gobernuak % 3ko igoerari buruzko erabaki hori argudiatzen duen txosten ekonomiko bat barik aurkeztu duela. Azken batean, hainbat urtez tasak izoztuta egon ondoren, "ez dugu aldaketa garrantzitsurik ikusten" proposamenean, politika fiskal "kontinuista" batekin jarraitzen dute, eta, beraz, EH Bilduren ustez, "ezinbestekoa" da "behingoz" fiskalitateari buruzko eztabaidari "sakonean" ekitea, "aldaketa esanguratsuak egiteko, gehien duenak gehiago ordain dezan, eta fiskalitate justu eta progresiboa bermatzeko, pertsona guztientzako kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko helburuarekin".