AKTUALITATEA


| 2023-01-24 12:20:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du ostegun honetako Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Mozio horretan, Bilboko Udalaren Etxebizitza Eskubidearen aldeko Plan Estrategikoa egitea eskatu du, modu parte-hartzailean, Bilboko etxebizitzaren egiturazko krisiari udal eremutik aurre egiteko estrategia integral bat abian jartzeko helburuarekin. Plan horrek jasotzen dituen neurriek zeharka inplikatu beharko dituzte udal-arloak, hala nola Etxebizitza, Hiri-berroneratzea, Ogasuna, Gobernantza, Hiri-plangintza eta Proiektu estrategikoak, Garapen ekonomikoa, Gizarte-ekintza, Gazteria eta Berdintasuna.

Jone Goirizelaia eta Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziek ekimenaren berri eman dute gaur prentsaurrekoan, eta Bilbon dugun etxebizitza-krisi estrukturala gogorarazi dute, besteak beste, arazo horri hainbat eremutatik helduko dion udal-etxebizitza politikaren faltagatik.

Ildo horretan, gogorarazi dute erregistratutako erabilera turistikoko etxebizitzen kopurua % 35,7 igo dela Bilbon 2022an, eta etxebizitza turistikoen iragarki irregularren kopurua % 59 igo dela azken urteotan. Horrek ondorioak ditu; izan ere, Bilbon garestitu da gehien alokairua. Etxebizitza bat alokatzeak duela urtebete baino % 9 gehiago balio du, ohartarazi dutenez.

Ildo beretik, gazteek nahi baino sei urte geroago eta Europako beste hiri batzuetako gazteek baino lau urte geroago emantzipatzen direla gogorarazi dute, “750 eurotik beherako alokairua lortzea utopia baita Bilbon”. “Eskaintzaren % 4 bakarrik dago prezio horren azpitik, duela urtebete % 21 zenean. Gainera, alokairuko etxebizitzen erdiak baino gutxiago eskaintzen dira 1.000 euroren azpitik, eta etxebizitzen erosketa-prezioei dagokienez, hamarkada bateko maximoan mantentzen dira, bai obra berrian, bai bigarren eskukoan”, azaldu dute.

Gogorarazi dute, halaber, 700 pertsona inguruk ez dutela etxerik Bilbon, eta horien erdiek kalean ematen dutela gaua; eta gero eta gehiago direla erroldatzeko oztopoei, etxebizitzari lotutako gastuak ordaintzeko zailtasunei edo etxegabetze bati aurre egin behar dieten bilbotarrak.

Neurriak berehala

Egoera horren aurrean, Goirizelaiak eta Fatuartek berehala neurriak hartzeko beharra azpimarratu dute; izan ere, “gaur egun, udal-etxebizitzak dira Udalak etxebizitza-politika egiteko duen tresna bakarra, eta, garrantzitsua bada ere, ez da nahikoa”. Esan dutenez, “ezinbestekoa” da udalaren jarduera-estrategia dibertsifikatzea eta hainbat arlotatik neurriak hartzea, gazteei eta emakumeei nabarmen eragiten dien lehen mailako gizarte-arazo horri eraginkortasunez aurre egiteko, eta, horrenbestez, Gazteria edo Berdintasuna bezalako arloak inplikatzea proposatzen dute.

Etxebizitza sozial eta eskuragarrien parkea handitzeari begira, Udal Etxebizitzez gain, bere ustez, Ogasun arloa inplikatu behar da etxebizitza publikorik ia ez dagoen hiriko eremuetan etxebizitza zuzenean erosteko politiketan. Era berean, azpimarratu dute Ogasun arloak Bilbon dauden milaka etxebizitza hutsen mobilizazioan eragin behar duela, etxebizita hutsei kanona aplikatuz.

Bestalde, SURBISAren birgaitze-politika indartzeko beharra nabarmendu dute, birgaitzeko laguntzen eta hiria berroneratzeko proiektuen bidez, horiek ere Plangintza eta Proiektu Estrategikoak bezalako arloekin lotuta.

Haren ustez, higiezinen merkatuaren erregulazioak etxebizitza-eskubidearen aldeko udal-estrategiaren oinarrietako bat izan beharko luke, eta, horretarako, funtsezkoa da egoera etengabe monitorizatzea, Etxebizitzaren Behatokiaren bidez datuak bilduz. Era berean, Garapen Ekonomikoaren arloak, estrategia turistikoa garatzen duen heinean, Bilbon pisu turistikoak ugaritzeak duen eragina bezalako gaiak jorratzeko beharra nabarmendu dute. “Pisu turistiko ilegalen kontrola ere ezinbestekoa da”, gaineratu dute.

Azkenik, nabarmendu dute garrantzitsua dela beste erakunde batzuei neurriak har ditzaten eskatzea, hala nola alokairuen prezioak arautzea, eta lan hori Alkatetza edota Gobernantzatik egin beharko litzateke.

“Etxebizitza eskubide bat da, ez da ondasun bat. Bilbok etxebizitza plan bat behar du, eta horri buruzko akordio batera iristea espero dugu”, nabarmendu dute.