AKTUALITATEA


| 2021-09-17 13:19:00

Bilboko EH Bildu udal taldeak urgentziazko mozio bat aurkeztuko du, non eskatzen duen Bilboko Udalak Euskotreni eska diezaiola Atxuriko geltokiko hall-a erakusketarako erabiltzeari buruzko erabakia berrazter dezala, eta elkarrizketa-prozesu bat ireki dezala Bilboko Udalarekin, Atxuriko bizilagunekin eta auzoko hezkuntza komunitatearekin batera, eraikinaren eremu horri auzoko eta bertako hezkuntza-komunitateko beharren araberako erabilera emateko.

Alba Fatuartek EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Atxuriko bizilagunek, gizarte eragileek eta espazio arazo larriak duen Maestro García Rivero eskolako guraso-elkarteak 6 urte baino gehiago daramatzate Atxuriko estazio enblematikoaren atondoak auzoari eskaintzen dizkion aukeren inguruan lanean, ikuspuntu publiko, sozial eta kultural batetik.

Ildo horretan, gogoratu duenez, geltokia itxi ondoren, espazio horri funtzio berriak emateko, eta auzoaren eta auzoaren bizitzaren parte izaten jarrai dezan, partaidetza-prozesu bat egin dute eta erakunde arduradunei geltokiko espazioetarako eta ingururako erabilera-proposamen zehatzak helarazi dizkiete.

“Hala ere, auzotarren aldarrikapenak kontuan hartu gabe, jakitera eman berri da Euskotrenek lizitaziora atera duela Atxuriko geltokiko hall-a erakusketarako erabiltzeko proiektua, eta beste erabilera batzuk emateko aukera itxi dela”, salatu du.

Horregatik, bere esanetan, “beharrezkoa” da Bilboko Udalak “Euskotreni lehenbailehen eskatzea erabaki hori berrazter dezala eta aldeen arteko elkarrizketarako deia egin dezala, Atxuriko bizilagunei babesa emanez, espazio hori, batez ere, auzoaren eta Maestro García Rivero eskolako hezkuntza-komunitatearen beharrak asetzeko erabil dadin”.

"Udal Gobernuak gure proposamena onartzea espero dugu; izan ere, horrela ez bada Atxuri auzoko herritarrei eta hezkuntza komunitateari bizkarra emango die, lan garrantzitsua egin baitute espazio horrek auzoko behar bati erantzun ahal izateko", adierazi du. EH Bilduk "herritarren benetako parte-hartzea bermatzeko lanean jarraituko" duela gaineratu du.