AKTUALITATEA


| 2022-09-23 13:04:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak mozio bat aurkeztu du, eta, bertan, gobernu taldeari eskatu dio 35 urtetik beherako gazteei Arriagako ikuskizunetara prezio oso ekonomikoetan sartzeko aukera ematearen bideragarritasunari buruzko azterlana egitea, baldin eta horien bezperan edukiera bete ez bada.

Era berean, ikerlan horretan, akademietako, elkarteetako, unibertsitateko… arte-disziplina ezberdinetako ikasleek, ikuskizun jakin batzuetan eta konpainiekin adostu ondoren, entseguetara joan ahal izateko aukera aztertzea eskatzen du EH Bilduk, ikasleek antolaketarekin zerikusia duen guztia lehen eskutik ezagutzeko helburuarekin.

Arriaga antzokia lehen mailako programazio eszenikoa eskaintzen duen udal antzokia dela gogorarazi ondoren, Jone Goirizelaia EH Bildu Bilboko bozeramaileak adierazi du antzokiaren okupazioaren batez besteko ehunekoa ez dela % 100era iristen, “ez gaur egun, ezta pandemiaren murrizketen aurretik ere”. Izan ere, esan duenez, 2021ean batez besteko okupazioa % 66,18koa izan zen, 2019an % 58,1ekoa eta 2018an % 61,77koa.

Goirizelaiak azaldu duenez, egia da Arriaga Antzokiak abantailak eskaintzen dizkiela hainbat kolektibori, hala nola % 25eko deskontuak 65 urtetik gorakoentzat, 30 urte arteko gazteentzat, langabeentzat, familia ugarientzat eta dantza eta antzerkiko profesionalentzat. Hala ere, datuek erakusten dute ikuskizun asko edukiera bete gabe geratzen direla.

Arriaga udal antzokia dela kontuan hartuta, bere ustez, Udal Gobernuak sistemaren bat ezartzeko aukera aztertu beharko luke, ikuskizun baten bezperan edukiera bete ez den kasuetan, adibidez, sarrera oso ekonomikoen bidez, 35 urtetik beherakoei sarrera hori ahalbidetzeko.

"Neurri honen helburua kultura gazteen eskura jartzea da, antzokiaren kultura-eskaintza hurbilduz, ohiko aisialdiari beste aukera bat eskainiz eta, aldi berean, gazteen interesa sustatuz publiko berriak irabaztea ere bilatuz", nabarmendu du.