AKTUALITATEA


| 2024-07-10 10:59:00

Udal Gobernuak La Casilla berritzeko aurkeztu duen proposamenaren aurrean, Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak deitoratu du udal kiroldegi baten sorrera eta kudeaketa beste behin ere esku pribatuetan utzi izana, Bilbao Kirolaken kanpo kudeaketari bidea irekiz. Hori dela eta, Renedok gogorarazi du "Bilboko Udalak gaitasun ekonomiko nahikoa duela hurbileko ekipamendu batean inbertitzeko, kontzesioetara jo beharrik gabe".

Bestalde, Udal Gobernuak egindako 40 urterako kontzesioaren aurrean ere kezkatuta agertu da: "aldaketa sozial handiko une batean bizi gara, eta jakina, kirol jardueraren eskaria erritmo azkarrean aldatzen ari da. Zalantzarik gabe, kudeaketa publikoa da etorkizuneko gizarte-eskarira egokitzeko modurik onena.

Karlos Renedok uste du Casilla Berrirako proiektuak, zalantzarik gabe, egungo kiroldegia berritzeko balio behar duela, baina, era berean, gehitu du “aukera aprobetxatu behar dugula udal kudeaketako erabilera anitzeko espazio bat lortzeko, 2.000 laguneko edukierarekin, gaur egun Durangoko Landako eraikinak egiten duenaren antzeko funtzioarekin. Bilbok ez baitu tamaina horretako espaziorik”.

EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du beharrezkoa dela irizpide argiak ezartzea zonaldean merkataritza-jarduera berriak abian jartzeko. "Lokal horien eskaintza eta gaur egun inguru horretan dagoena argi eta garbi bereizi beharko lirateke, dagoen eskaintzarekin lehiatu beharrean, elkarlanean aritzeko” azaldu du.

Azken batean, kudeaketa publikoko eta kalitateko zerbitzuen aldeko apustua egin behar dugu, ezin dugu esku pribatuetan utzi herritarren premiak betetzeko edo ez betetzeko erabakia.