AKTUALITATEA


| 2020-06-12 12:44:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak Botika-Zaharra Zorrotzaurreko hirigintza-operazio "espekulatiboa" kritikatu du, besteak beste, "gehiegizko eraikuntza duen gune batek duen espazio libre urria okupatzea" dakarrelako, baita "Botika Zaharreko Skate parkea kentzea eta, Deustu eta itsasadarraren artean, izugarrizko horma altxatzea ere, eta auzoko aisialdirako gunea gero eta urriagoa izatea".

"Biribilgune hori kenduta, parkea handitzeko aukera bakarra galtzen da, inguruko bizilagunek hain beharrezkoa den aisialdirako espazioa izan dezaten", adierazi du Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilbo udal taldeko bozeramaileak; izan ere, datorren astelehenean, ekainaren 15ean, IMQren eraikinaren ondoan dagoen Euskaldunako biribilgunean  etxebizitza-blokeak eraikitzeko Zorrotzaurre plangintzako "urbanizazio" lanak hasiko direla iragarri da.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, 230 etxebizitza inguru eraikitzeak biztanleriaren hazkundea ekarriko du, eta kontuan hartu behar da egungo ekipamendu publikoak, hala nola, kiroldegia, ikastola publikoa edota anbulatorioa, "urteak dira txikiak eta zaharkituak geratu direla eta ez dietela auzoko egungo beharrei erantzuten".

Hori dela eta, bere esanetan, “aurreikusten duten hirigintza-operazio espekulatiboen ordez, auzo honek bizilagunen eskaerei modu duin batean erantzungo dieten ekipamendu publikoak egitea eta handitzea behar du".

"Auzoko bizilagunek kiroldegi berri bat behar dute, Deustuko Ikastola publikoa handitzea behar dute, horretarako egungo kiroldegiko lurrak bideratuz; baita Botika Zaharreko parkea handitzea eta babestea ere, eta ez etxebizitza gehiago", nabarmendu du.

Bestalde, biribilgune hori Bilboko sarrera- eta irteera-leku bat dela esan du, eta zirkulazio-bolumen handia duela. Horren harira, adierazi duenez, barrutiak behin baino gehiagotan eskatu duen arren, "ez dugu informaziorik obra horrek Deustuko trafikoan eta mugikortasunean eragingo duen inpaktuari buruz, ez lanak egin bitartean, ez amaitu ondoren".

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk “espekulazio politika” erabat baztertu du, eta ekipamendu eta zerbitzu publiko duinak defendatu ditu.