AKTUALITATEA


| 2020-02-19 13:50:00

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaleak, Bilboko eta Bizkaiko Foru Aldundiko udal eta foru gobernuen “ezgaitasuna” eta kudeaketa “txarra” salatu ditu Bizkaia dorrean nazioarteko ekintzailetza zentroaren proiektuan. Horren ondorioz, ohartarazi duenez, “bilbotar guztiok diru gehiago ordaindu behar izango dugu”.

Goirizelaiak adierazpen horiek egin ditu  Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotzi ordezkaria den Xabier Otxandianoren agerraldiaren ondoren. Otxandianok agerraldia eskaini du Bizkaia Dorrearen eta Nazioarteko Ekintzailetza Zentroaren egungo egoeraren berri emateko, zergatik geratu den hutsik lehiaketa, horren ondorioak eta laster egingo diren jarduerak zeintzuk diren azaltzeko, hain zuzen ere.

Ildo horretan, EH Bilduko bozeramaleak gogoratu duenez, 2019ko ekaineko Osoko Bilkuran, nazioarteko ekintzailetza zentroa finantzatzeko, 2019ko aurrekontuetan konpromiso kredituak handitzeko proposamena eztabaidatu zen. “Horretan, esan ziguten, Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko hitzarmena aurrera eramateko eta zentroa kudeatzeko eta martxan jartzeko, biderik hobeena zerbitzuen kontzesio kontratu bat zela, BEAZ foru elkarte publikoak tramitatuta. Horretarako onartutako konpromiso kredituak handitu behar ziren, 3.953.500 eurotan”, azaldu du. EH Bilduk proposamen horren kontra bozkatu zuen, kudeaketan “gardentasun eza” dela eta.

Gogoratu duenez, Osoko Bilkura horretan, Otxandianok “inor ez dagoela ez minduta ez gaixorik esan zigun eta proiektuak osasun ezin hobea zuela”, baina “hori guztiz zalantzan dago”, 2020ko urtarrilean Bizkaia Dorreko ekintzailetza nazioarteko zentroak “kudeatzailerik ez duela jakinda gero, Beaz-en lehiaketa publikoak ez duelako eskaintza bat bera bez jaso”.

Ildo horretan, esan duenez, egun batzuk beranduago, Bizkaiko Foru Aldundiak “proiektua salbatzeko baldintzak murriztuko dituela esan zuen eta publizitatearekin prozedimendu negoziatu irekia egingo dutela, hasieratik zehaztutako baldintza-agiri barik eta Foru Aldundiak interesatuekin hitz egingo duela”. Gorizelaiaren ustez, “hori ez da inondik inora praktika egokia, izan ere, enpresak izango dira baldintzak jarriko dituztenak”.

“Otxandianok horri buruzko informazio argirik ez digu eman, ez dakigu bi erakundeen arteko koordinazio falta dagoen edo zergatik izango den, baina argi dago zentro horren kudeaketa oso desegokia izan dela, etxea teilatutik hasi dutela eta gardentasun eza nabaria izan da”, kritikatu du.

Goirizelaiak azaldu duenez, Otxandianok bai aitortu du aldaketa berri horren ondorioz “gastua handiagoa izango dela bilbotarrontzat ez aurten, baina bai hurrengo urteetan, eta EH Bilduren ustez badaude beharrizanak dirua inbertitzeko, besteak beste, enplegua sustatzeko plangintzak”.

“Zentzugabekeria bat bestearen atzetik, lehenengo gauza bat esan eta hurrengo egunean aldatu eta, bitartean, ikono bihurtzeko xedea zuen zentro horik ez da ez ikono ez ezer, martxan ere ez baitago oraindik, joan den neguan martxan egotea aurreikusita zegoenean”, salatu du. Ildo horretan, azpimarratu duenez, EH Bilduk jarraipen zehatza egingo du “ustezko kudeatzaileak pozik egiteko eskaintzen diren baldintzak zeintzuk diren ikusteko”.