AKTUALITATEA


| 2023-09-28 19:03:00

Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak tentsio handiko eremuak izendatzeko izapideak "ez luzatzeko" eskatu dio Gobernu Taldeari, EAJk/PSEk alderdi soberanistaren proposamena errefusatu ostean. Proposamen horretan, tentsio handiko eremu izendatzeko informazioa biltzeko prozesua hasteko eskatzen zitzaion Udal Gobernuari.

"Horren ordez, eta Bilboko etxebizitzaren egoera larria den arren, Bilboko alokairuen prezioak mugatzeko udal eskumena alde batera uztea erabaki du Udal Gobernuak, pilota Eusko Jaurlaritzaren teilatuan utziz. Eta hain zuzen ere, horregatik, abstenitu egin gara”, adierazi du Renedok gaur, Udalbatzan gai honen inguruan eztabaidatu ostean. 

EH Bilduko zinegotziak zehaztu duenez, alokairuen batez besteko prezioak (800 euro) eta Etxebiden Bilbon etxebizitza-eskatzaile gisa izena eman duten pertsonen kopurua (21.000) maximo historikoetan daude, eta egoera horrek bereziki gazteei eta migratzaileei eragiten die. 

Renedok azaldu duenez, EH Bilduk bere proposamenarekin neurriak ezarri nahi zituen egoera hori ahal den neurrian okerrera joan ez dadin, baina gobernu taldeak "ez du gure proposamena onartzeko borondaterik izan eta, gaiari ihes egin dio". "Deigarria da, halaber, EAJk, Madrilgo Etxebizitza Lege berriaren konstituzio-kontrakotasuna hilabeteetan behin eta berriz errepikatu ondoren, aurkeztutako zuzenketan Eusko Jaurlaritzari tentsio handiko eremuak deklaratzeko eskatzea", gaineratu du. 

Bere ustez, "argi dago" EAJk ez duela "alokairuaren prezioa kontrolatzeko inolako borondaterik, eta bere proposamenak legearen aplikazioa denboran luzatzea besterik ez du bilatzen"; PSEk, berriz, "modu ezberdinean jokatzen du erakundearen arabera, eta, zoritxarrez, Udalean bere bazkidearen konpartsaren papera hartu du", adierazi du.

Nolanahi ere, Renedok adierazi duenez, "Udal hau ez bada, Eusko Jaurlaritza izan dadila alokairuen prezioak kontrolatzeko asmoz, tentsioan dauden eremuak lehenbailehen izendatuko dituena", eta EH Bilduk "lanean jarraituko du etxebizitza eskubidea eta ez negozio bat izan dadin.