AKTUALITATEA


| 2023-01-25 13:43:00

Biharko Udalbatzan EH Bilduk zaborren tasari hobaria aplikatzea defendatuko du, hondakin organikoa banatzeko programara atxikitzen diren familientzako. Neurri honen helburua dei efektua sortzea da, programa honekin konprometitutako pertsonen kopurua irauliz, Bilboko errefusa bilketa txikitu eta Europak ezarritako helburuetara lerratzeko.

Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, azken agintaldian, 2019tik 2022ra, bosgarren edukiontziaren erabilera %4 baino ez da handitu, hau da, programara atxikitako etxebizitzen kopurua %19tik %22ra besterik ez da igaro. Beraz, “urte-arteko batez besteko igoera %1ekoa baino ez da, eta joera hori gainera apaltzen ari da”, ohartarazi du. Bilboko 149.000 etxebizitzetatik 33.000 baino ez daude inskribatuta “Kaixo Organikoa” programan.

Joera apal hori mantenduz gero, “akaso 2030ean %30eko tasara helduko ginateke, eta europar gomendioek %60koa aipatzen dute. Pentsa ze, zifra hori ez litzateke Bilbon erdietsiko 2060ra arte”, adierazi du.

Hori dela eta, Gonzalezek nabarmendu duenez “beharrezkoa da udal-politika ausartak martxan jartzea”, bilbotarrek bosgarren edukiontzia erabil dezaten. Azpimarratu duenez, “izena ematen dutenak ‘geratu’ egiten dira: programarekin bat egiten duten pertsonek zabor banaketarekiko konpromiso sendoa hartzen dute praktikan, eta hala erakusten dute Konpostegian jasotako organiko kantitatearen datuek”.

Baina jarraian adierazi duenez, “emaitza hori trabatuta dago Bilboko etxebizitza gehienek oraindik programatik kanpo daudelako”. Alde horretatik “informazio kanpainen bidez ez gara behar bezalako emaitza lortzen ari”, kritikatu du.

Hori dela eta, bosgarren edukiontzia duten etxebizitzei zaborren tasan hobari fiskal bat aplikatzea proposatu du “dei efektu erabakigarria sortzeko”. EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du politika hori duela hamarkada bat jarri zela martxan beste euskal hiri batzuetan.

“Nolanahi ere, Kaixo Organikoa programan lehenbailehen izena ematera animatzen ditugu bilbotarrak, dagoeneko urratsa eman duten auzokideen ereduari jarraituz eta ausardiaz”.