AKTUALITATEA


| 2019-07-30 12:59:00

EH Bildu Bilbok adierazi duenez, “larrialdi klimatikoak datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatuko du, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat”. “Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzako dagoeneko kezka nagusia bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere”, adierazi du.

Egoerari aurre egiteko, EH Bildu Bilbok mozio bat aurkeztu du eta, horretan, Bilboko Udalari eskatu dio “larrialdi klimatiko egoera deklaratzeko eta, bere eskumenen baitan, klima-aldaketari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazteko”.

Era berean, aurkeztutako proposamenean, EH Bilduk honakoa proposatzen du: Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari “larrialdi klimatiko egoera deklaratzea eskatzea eta horri aurre egiteko beharrezkoa den karbonagabetze prozesua 20140. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzea eskatzea eta baita klima- aldaketaren eraginez pairatuko ditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera premiatzea ere”.

Horrez gain, EH Bildu Bilborentzat garrantzitsua da Bilboko Udalak “8 hilabeteko epean klima-aldaketa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztiei buruzko diagnosi bat eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egitea”. 

Egoeraren diagnosia kontuan hartuta, Bilboko Udalari prozesu parte-hartzailea martxan jartzea eskatu dio EH Bildu Bilbok, “herritarren, auzoen eta beste edozein eragileren ekarpenak barne bilduko dituen plangintza osatzeko 2020. urtean” eta plangintza hori aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak.

Azkenez, Bilboko Udalari proposatzen dio, klima-larrialdi egoera dela medio, irailaren 27an deituta dagoen nazioarteko grebarekin bat egiteko eta herritar guztiak parte hartzera animatzeko eta aipatu mozioa Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari bideratzeko.

“Mozio honen bitartez, egoeraren larritasuna aitortzea dugu helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen”, adierazi du EH Bildu Bilbok.