AKTUALITATEA


| 2021-09-27 11:18:00

EH Bildu udal taldeak proposatu du Bilboko Udalbatzak turismo-establezimenduetan gaua igarotzeagatik tasa bat ezartzearen alde egitea, Bartzelonan eta beste hiri handi batzuetan bezala.

Iraileko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio honetan, Bizkaiko Aldundiari eskatzen zaio erakunde arteko mahai bat egin dezala zerga horren tipologia eta bilketaren xedea aztertzeko.

Era berean, turismoak hirian duen eragina neurtzeko azterketa bat egin dezala eskatu dio Udal Gobernuari, sektorearen hainbat eragin-eremu kontuan hartuta, hala nola aztarna ekologikoa, sortzen duen enpleguaren kalitatea, etxebizitza-eskasia eta kulturan eta euskaran duen eragina.

Asier Gonzalez EH Bilduko Bilboko zinegotziak azpimarratu duenez, "beste hiri batzuetan egiten den bezala, beharrezkoa da ondorio negatiboak aztertzea eta politika fiskal eraginkorren bidez aurre egitea, garapen jasangarria bermatzeko, arlo sozialean eta ingurumenari dagokionez”.

Ildo horretan, gogoratu duenez, "turismoaren erregulaziorik gabeko hiri batek, tokiko merkataritzari eragiten dio, etxebizitza eskuratzea zailtzen du eta hizkuntza ohituretan ere eragiten du, gure kasuan euskararen erabileran". Hondakinen kudeaketari ere eragiten diola gaineratu du, eta adibide gisa jarri du Getxon amarratzen duten gurutzaontzi handiek deskargatzen duten kopuru handia.

EH Bilduko zinegotziak Katalunia eta Bartzelona jarri ditu adibide gisa, izan ere, "gaua igarotzeagatik ordaindu beharreko tasa ezarri dute, establezimendu motaren arabera: hotela pisu turistikoa,  gurutzaontzia…".

Tasa turistikoaren arauketa orokorra Bizkaiko Ogasunari dagokion arren, "Bilboren eta turista asko dituzten beste udalerri batzuen partaidetza beharrezkoa da, baita sektore turistikoarena, erakunde ekologistena eta mugimendu euskaltzalearena ere, zerga horren zergatiari eta zertarakoari buruzko ikuspegi orokorra izateko".