AKTUALITATEA


| 2022-03-18 13:13:00

EH Bildu udal taldeak, mozio baten bidez, Bilboko Udalari exijituko dio 4. metroko linea ahalik eta azkarren errealitate bihurtzeko eskaera lideratu dezala. Hori horrela, alderdi soberanistak eskatu du Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eska diezaiela ahalik eta gehien azkartu ditzatela Bilboko metroaren 4. linea gauzatzeko izapide tekniko eta administratibo guztiak, eta berretsi dezala 2021eko otsailean Bilboko Udaleko osoko bilkurak horri buruz erabakitakoa.

Ildo beretik, 5. linearen proiektuak Europako finantzaketa jasotzen badu, proiektu honetatik askatzen den inbertsio publikoa Bilboko metroaren 4. linea finantzatzeko erabiltzea eskatu du EH Bilduk. Hala ez bada, alderdi soberanistak eskatzen du bai Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak konpromisoa har dezatela 4. eta 5. lineetarako  ahalegin ekonomiko bera egiteko, biak ahalik eta lasterren gauza daitezen eta, horrela, bi eremuen mugikortasun-beharrei erantzun diezaiegun.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, EH Bilduko zinegotzi Jone Goirizelaiak eta Bruno Zubizarretak azaldu dute Bilboko hegoaldeko bizilagunek bi hamarkada baino gehiago daramatzatela metroa eremu horretara iristeko zain. Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 5. linearen exekuzioari eta finantzaketari buruz egindako iragarpenaren ondoren, gogorarazi dute Errekalde, Irala eta San Adriango bizilagunak pozik daudela Galdakaoko herritarrengatik, baina euren auzoekin zer gertatzen den galdetu dute.

EH Bilduko zinegotziek ere guztiz positibotzat jo dute metroa Galdakaora iristea, urteetako aldarrikapen, eskaera eta herri mobilizazioei erantzuna emango zaielako, baina, aldi berean, Bilboko hegoaldeko bizilagunei erantzuna eman behar zaiela uste dute, horiek ere urteak baitaramatzate borrokan 4. linea errealitate izan dadin.

Helburu horrekin, gogorarazi dute EH Bilduk hainbat ekimen erregistratu dituela hainbat erakundetan. Izan ere, azaldu dutenez, 2021eko otsailean, EH Bilduren ekimenez, Bilboko udaleko osoko bilkuran akordio bat lortu zuten, Euskal Trenbide Sareari (ETS) eskatzeko ahalik eta lasterren has zezala Metroaren 4. linearen eraikuntza-proiektuaren lizitazioa, ahal izanez gero, 2022ko lehen seihilekoa baino lehen. “Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du informazio-azterlana amaitzear dagoela, eta litekeena dela eraikuntza-proiektua urtea amaitu baino lehen lizitatzea”, gaineratu dute.

Horrela, Goirizelaiak eta Zubizarretak nabarmendu dute Bilboko Udalak metroaren 4. linea “ahalik eta azkarren errealitate izan dadin borrokatu behar duela”. “70.000 pertsona baino gehiago bizi dira Bilboko hegoaldean, eta, adibidez, orduoro autobus bakarra dute ospitalera joateko. Ezin gara haiekin ahaztu. Metroaren 4. linea beharrezkoa da Bilbo metropolitarraren elementu egituratzaile gisa, lehenbailehen izan behar du errealitate, eta EH Bilduk hala eskatuko du", gaineratu dute.