AKTUALITATEA


| 2021-03-16 13:34:00

EH Bilduk Bilboko Udalaren aldetik konpromisoa eskatu du metroaren 4. lineak Kastrexana eta Santa Ageda tren-estazioetan geldialdiak egin ditzan; izan ere, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako eta parte hartze prozesu baten barne dagoen hasierako proiektuan, ez dira geldialdi horiek aurreikusten.

 

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak agerraldia egin du gaur FEVEk Kastrexanan duen geralekuan, Raúl Méndez batzarkidearekin eta María Solar Barakaldoko Udaleko EH  Bilduren bozeramailearekin batera. 

Zubizarretak adierazi duenez, "ezinbestekoa" da egun dauden azpiegiturak erabiltzea, Bilbo eta Barakaldo artean banatutako auzo horretako bizilagunek metroko 4. lineako geltokiak izan ditzaten, horrela euren mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetu ahal izateko. Gainera, gogorarazi duenez, leku horretan gune industrial bat dago. “Metroak geltokiak izatea sarbideak hobetuko lituzke, zona horren berroneratzeari lagunduz". 

“Egun dauden tren-estazioak geltokiak ezartzeko aprobetxatxen ez badira,  zonalde osoan bilbotarrentzat zein barakaldoko bizilagunentzat hain beharrezkoak diren zerbitzu hobeak emateko aukera galtzea ekarriko du", ohartarazi du. 

Gogorarazi duenez, azken Osoko Bilkuran, EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak akordio garrantzitsu bat lortu zuen metroa Errekaldera eta hiriaren hegoaldeko auzoetara ahalik eta lasterren heldu dadin; izan ere, “Euskal Trenbide Sareari eskatzen diogu 2021eko abuztuaren 31ko informazio-azterlana amai dezala, eta, partaidetza-prozesuaren bidez aukerarik egokiena onartu ondoren, ahalik eta lasterren has dadila eraikuntza-proiektuaren lizitazioa”. "Oraingo honetan, geltoki horiek metroaren 4. linean sartzearen alde egiteko eskatzen diogu Bilboko Udalari, eta horri buruzko akordio bat lortzea espero dugu ", gaineratu du. 

Bestalde, Maria Solar EH Bilduren Barakaldoko zinegotzi eta bozeramaileak gogorarazi duenez, linea horretako geralekuak Bilbon egongo liratekeen arren, auzo horretako biztanle gehienak Barakaldon bizi dira. 

Horregatik, nahiz eta Barakaldoren kasuan koaliziotik jakin badakiten "Alkatetzak dagoeneko jakinarazpenen bat egin diela Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari zentzu horretan", eta positiboki baloratu, EH Bilduk udalaren osoko bilkura osoak aldeko jarrera har dezala eta eskaera horren berri eman dezala eskatuko du. 

Parte-hartze prozesua

Bere aldetik, Raul Mendez batzarkideak gogoratu duenez, EH Bilduk, metroaren 4. Linearen proiektu hau diseinatzeko orduan herritarren iritziak duen garrantziaz jabetuta, partaidetza-prozesua abian jartzea proposatu zuen, proiektu honek benetako beharrei erantzun ahal izateko.

“Prozesu parte-hartzaile hori bai Bizkaiko Batzar Nagusietan, bai Gasteizko Legebiltzarrean onartu zen, jadanik martxan dago eta asko dira Bilboko Hegoaldeko auzoetako herritarrak eta gizarte-eragileak egiten ari diren ekarpenak, besteak beste metroaren 4. Lineak Kastrexanan eta Santa Agedan geltokia izatea”, azaldu du.

Ildo horretan, gogorarazi duenez, hain zuzen ere, bihar Batzar Nagusietan EH Bilduk aurkeztutako mozioa eztabaidatuko da. “Horren bidez eskatzen dugu parte-hartze prozesuan eta informazio-azterlana idazterakoan kontuan har daitezela metroa Errekaldera eta Hegoaldeko auzoetara iristeko aztertutako aukera guztiak, Errekalde eta Moyua arteko L4 originala barne, izan ere Euskal Trenbide Sareak bi aukeratara mugatu baitu, bere garaian eztabaidatu ziren beste aukera batzuk alde batera utzita”, adierazi du.