Bilbo

Albisteak

EH BILDUk Bilboko sexu erasoa gogor salatu du, biktimari bere elkartasun eta babes osoa helarazi dizkio eta deitzen diren mobilizazioetan parte hartuko duela jakinarazi du


| 2019-08-02 11:18:00

EH Bildu Bilbok “gogor salatu” du gauerdian Bilbon gertatutako sexu erasoa eta erasoa pairatu duen emakumeari bere “babes eta elkartasun” guztia helarazi dizkio. Era berean, eraso sexista larri hau salatzeko deitzen diren mobilizazioetan parte hartuko duela jakinarazi du EH Bildu Bilbok.

Bruno Zubizarretak EH Bildu Bilboko zinegotziak adierazi duenez, “indarkeri sexista kasu larri berri baten aurrean gaude eta horren jatorria da gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasuna”. “Emakume izate hutsagatik edozein emakumek sufritu dezake indarkeria”, salatu du.

Horrela, EH Bildu Bilbok azpimarratu duenez, “arazoaren larritasunaren aurrean, instituzioek premiazko erantzun integrala” eman behar dute eta “prebentzioan eta heziketan egiten denaz gain, emakumeek zein erasoek dituzten berezitasunak aintzat hartu behar dira”. “Berdintasun politika aktiboak aldarrikatzen ditugu”, nabarmendu du.

Era berean, EH Bilduko zinegotziak Bilboko Udalari eskatu dio eraso sexisten “jarraipen berezia” egiteko “berriro erasorik ez gertatzeko”. Horrez gain, Zubizarretak gogoratu duenez, orain dela aste batzuk EH Bilduk jaietan eraso sexistak saihesteko kanpaina abiarazi zuen eta hainbat neurri proposatu zituen. “Ezinbestekoa da neurriak martxan jartzea edozein motatako eraso sexista saihesteko”, aldarrikatu du.