AKTUALITATEA


| 2020-05-16 09:44:00

Isolamendu aldian Bilboko adinekoei deitzeko zerbitzua amaitu da eta EH Bildu udal taldeak espero du "babesgabetasun-egoeran dauden pertsonak detektatu izana, horiek laguntzeko helburuarekin". Ildo horretan, ekimen honek "laguntza modu berriak ezartzeko" balioko duela adierazi du, kontaktatutako pertsonen beharrak kontuan hartuta. Adibidez, esan duenez, "pertsona batzuek behar sinple, baina oinarrizkoak adierazi dituzte, besteak beste, paseatzera joateko laguntza izatea". 

Bilboko 65 urtetik gorako pertsona guztiei telefonoz deitzeko eta elkarrizketatzeko lana Udaleko langileek egin dute, Gizarte Ekintzako arduradunen koordinaziopean. Jone Goirizelaiak, Bilboko EH Bilduko bozeramaileak, Bilboko Udaleko langileak zoriondu ditu, "milaka herritarrei arreta eskainiz erakutsitako profesionaltasunagatik". "Aparteko lan hori aurrekaririk gabeko krisi honetan langile horiek egindako ahaleginaren emaitza da", gaineratu du. 

Aipatzekoa da udal langile talde handiari, gero, boluntario gisa, hainbat ordezkari politiko batu zitzaizkiela. EH Bilduko zinegotzien kasuan, "200 dei inguru egin ditugu anonimotasuna uneoro babestuz, protokoloak ezartzen zuen bezala", azaldu du. Lan horretan era guztietako egoerak aurkitu dira: "heriotzak, pertsona isolatuak eta beharrak dituztenak, hitz egiteko gogoa, esker onak eta berandu ibiltzeagatik liskarren bat". 

Deien bidez, "deitutako pertsonen animo-egoera aztertu ahal izan da, babesgabetasunak eragindako larrialdi-egoerak detektatu ahal izan dira, eta krisiaren aurretik agian baloratzen ez ziren beste premia batzuk antzeman ahal izan dira". EH Bilduren arabera, "horri esker babes publikoko sistemak orain ez dituen laguntza-zerbitzu berriak diseina litezke, izan ere, orain beharrezkoak izango lirateke bakardadean dauden adinekoei bizitza duina bermatzeko". 

Goirizelaiak gogorarazi duenez, "nagusien deien zerbitzua aktibatzeko hasierako proposamena auzoetako elkartasun laguntza sareek egin zuten, isolamendu aldia hasi bezain laster, eta, Udalari behin eta berriz eskatu ondoren, Udalak sei aste behar izan zituen deiak hasteko", auzo sareetatik salatu dutenez.