AKTUALITATEA


| 2019-08-05 10:18:00

EH Bildu Bilbok uztailean airearen kalitatea Bilbon “txarra” izan dela ohartarazi du, Arraiz mendian Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea neurtzeko duen estazioaren datuen arabera. Horrela, Alfonso Gilen, Mugikortasun eta Jasangarritasun sailaren zinegotziaren, agerraldia eskatu du, “uztailaren 2, 4, 10, 11, 12, 13, 15 eta 16an Bilbon izandako airearen kalitate txarrari buruz azalpenak emateko; izan ere, egun horietan  PM partikulen baloreak oso altuak izan dira”.

“Egun horietan, ordu askotan, hamar ordu baino gehiagotan, hain zuzen ere, airearen kalitatea txarra izan da eta kezkatuta gaude”, adierazi du EH Bildu Bilbok. Gainera, ez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ez Bilboko Udalak egoera horri buruzko azalpenik ez ematea salatu du.

EH Bilduren ustez, airearen kalitatea txarra denean “zentzuzkoa” da inguruan bizi diren herritarrei “abisua ematea eta jarraibide batzuk ezartzea, edo, behintzat, egoera horretan zergatik gauden azaltzea, kontuan hartuta, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, PM partikulak osasunarentzat kaltegarriak direla eta horien baloreak oso altuak izan direla”.

Egoera horren aurrean “ezin dela besoak uztarturik” gelditu adierazi du EH Bilduk. Horrela, batetik, Eusko Legebiltzarrean hainbat galdera aurkeztu ditu eta, bestetik, Bilboko Udalean Gilen agerraldia eskatu du, “bilbotarron osasunak kezkatzen gaituelako eta Arraizeko estazioak momentu batzuetan normalak ez diren kontaminazio mugak adierazi dituelako”.