AKTUALITATEA


| 2021-03-18 11:24:00

EH Bildu Udal Taldeak Bilbobuseko egungo lineei, bidaiari kopuruari, azken urteetako joerari eta etorkizuneko beharren ikuspegiari buruzko azterketa bat egiteko eskatu dio udal gobernu taldeari, berrantolaketa-prozesu bati ekiteko, dauden beharretara egokitu daitezen. Berrantolaketa hori "barrutietan eta auzo-kolektiboek egindako eskaerak kontuan hartuta" egin behar da, EH Bilduk martxoko osoko bilkuran eztabaidatzeko aurkeztutako mozioan zehazten duenez. 

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plangintzak (HMJP), alderdi guztiek 2018. urtean sinatua eta hiriko mugikortasuna hobetzea helburu duena, Bilbobusen inguruko zenbait neurri eta helburu jasotzen zituen, hala nola operadoreen arteko intermodalitatea hobetzea, bidaia-denborak eta herritarrentzako informazioa hobetzea, eta Bilbobuseko lineak berrantolatzeari buruzko azterketa bat egiteko aukera baita ere, herritarren benetako beharrei egokitzeko. 

Horren harira, Zubizarretak azpimarratu du "ez dagoela zalantzarik mugitzeko moduetan eragin zuzena izan duten garrantzi handiko gertaerak" izan direla, eta hori kontuan hartu behar dela "garraio publikoaren inguruko estrategia berriak jorratzerakoan, Bilbobusen ingurukoak, hain zuzen ere". 

Esan duenez, metroaren 3. linearen eraginak, elementu mekaniko berriak sartzeak (igogailuak), bizikletaren erabilera beste garraiobide bat bezala modu esponentzialean handitzeak, biztanleguneetan izandako aldaketek (dagoeneko gertatu direnak edo gertatuko direnak) eta pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera berriak "Bilbobusen egungo eta etorkizuneko beharren inguruko azterketa zehatza egitea eskatzen dute". 

Azpimarratu duenez, helburua da "hiri-autobusen lineak berrantolatzea, autobusek errealitate berriei eta sortu diren behar berriei erantzun diezaieten". Lan horretan, “ezinbestekoa” da auzoen aldarrikapenak kontuan hartzea, izan ere, “auzoak eta bertoko bizilagunak dira euren mugikortasun-arazoak eta beharrak hobeto ezagutzen dituztenak”.