EH Bilduko udal taldeak Bilbo hiri zaintzailea bilakatzea helburu, otsaileko osoko bilkuran zaintzaren alde ezberdinak lantzen dituzten bost mozio aurkeztu ditu:(1)Etxebizitza komunitarioak, tutoretzapeko etxebizitzak edota gazteentzako alojamendu dotazionalak garatzeko egokiak diren udal lurzoruen mapeoa egitea;(2)Hiriaren diseinuan, haurren eta gazteen parte hartzea bultzatzea;(3)Bilboko migratzaileen elkarteentzako gune fisiko bat abian jartzea, prozesu parte hartzaile baten bidez;(4)Gizarte-Larrialdietarako eta Gaueko Harrerarako Udal Zerbitzuak hartzen dituen eraikina osorik berritu erabiltzaile zein langileen beharretara egokitzeko, azpiegitura hori egoera larrian baitago eta (5) Bilboko zaintzaile profesionalen egoerari eta premiei buruzko diagnostiko parte-hartzailea egitea, genero-ikuspegiarekin.
Zaintza EH Bilduren "lehentasuna" dela gogorarazi du Maria Del Riok, EH Bilduren udal bozeramaileak, eta esparru zabala eta zeharkakoa dela gaineratu du. Horrela, askotariko arloak lantzen dituzten mozioak aurkeztu ditu alderdi soberanistak, proposamen "egingarriak eta, zalantza barik, Bilbon zaintzaren arloan aurrera egitea ahalbidetuko dutenak".
Mapeoa
Garazi Pereak, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, etxebizitza komunitarioak, tutoretzapeko etxebizitzak edota gazteentzako eta etxebizitza premia bereziak dituzten beste kolektiboentzako alojamendu dotazionalak beharrezkoak dira Bilbon. Horien bidez, bere esanetan, "bizitegi-premiari erantzuna ematen zaio eta, aldi berean, kolektibo horiek (gazteak, mendekotasunik gabeko adinekoak, guraso bakarreko familiak, irisgarritasun-arazoak dituzten pertsonak, etab.)dituzten behar espezifikoei baita ere".
Aipatutako etxebizitzak, EAEko hainbat udalerritan garatzen direnak, zerbitzu-izaeragatik ekipamendutzat hartzen dira, eta bizitegi-lurzoruan ez ezik, zerbitzuei zuzendutako lurzoruetan eraiki daitezke. Hori dela eta, horiek garatzeko egokiak diren udal lurzoru eta espazioen mapeoa egitea eskatzen du EH Bilduk aurkeztutako mozio baten bidez.
Haur eta nerabeen parte hartzea
Bigarren proposamen baten bidez, Pereak adierazi duenez, “Bilbo Hiri Adiskidetsua Haurrekin” programan urratsak ematea eta hiriaren diseinuan haurren eta gazteen parte hartzea bultzatzea eskatzen dute. Prozesu hori hiriko ikastetxeekin lankidetzan egitea eskatzen du EH Bilduk, bereziki jolas-parkeen diseinuan eta plazen urbanizazio berrietan parte hartze saioak antolatuz.
Pereak gogorarazi duenez, Bilboko Haur eta Nerabeen II. Planak bi ardatz nagusi ditu: haur eta nerabeen artean ingurunearekiko konpromisoa sustatzea, eta kolektibo horrentzat eremu publiko irisgarriagoa eta lagunkoiagoa bermatzea. Hori dela eta, nabarmendu duenez, "ezinbestekoa da haurren parte-hartze aktiboa hiriaren eraikuntzan eta diseinuan, zaintzen duen hirian aurrera egiteko".
Bilboko migratzaileen elkarteentzako gune fisikoa
Xede horrekin ere, Angelica Orozcok EH Bilduren zinegotziak Bilboko migratzaileen elkarteentzako gune fisiko bat abian jartzeko aurkeztutako mozioaren berri eman du. Haren esanetan, espazio hori migratzaileen erakundeekin prozesu parte-hartzaile baten bidez gaitu behar da, espazioaren ezaugarriak, kokapena eta bertan garatu beharreko ekimenak erabakitzeko.
Orozcok azaldu duenez, egun migratzaileen elkarteak "beste espazio batzuen menpe daude eta askotan ordutegiak eta zerbitzuak ez dira kolektiboen beharretara egokitzen". "Gune fisiko propioa izateak jarduerak haien errealitate sozialera egokitutako ordutegietan egin ahal izatea ahalbidetuko luke, prozesuak indartzeko, denboran mantentzeko eta laguntza-sareak sortzeko aukera emanez, autonomia eta auto-antolaketa handiagoa izate aldera".
GLUZ eta GHUZ zerbitzuak hartzen dituen eraikina berritu
Laugarren mozio baten bidez, EH Bilduk Gizarte-Larrialdietarako Udal Zerbitzua (GLUZ) eta Gaueko Harrerarako Udal Zerbitzua (GHUZ Uribitarte) hartzen dituen eraikina, Bilboko Uribitarte kaleko 11. zenbakian kokatzen dena, alegia, osorik berritzeko eskatzen du, erabiltzaileen beharretara egokitzen dela bermatzeko, baita langileen lana errazteko ere.
Del Riok azaldu duenez, Uribitarteko GHUZ oinarrizko zerbitzua da, bizitegi-bazterketa larrian dauden eta Bilbon bizi ohi diren pertsonei gaua pasatzeko lekua eskaintzen diena. Bestalde GLUZak (SMUS) larrialdiko eta gizarte-larrialdiko egoerei erantzuten die.
"Premiazkotzat jotzen dugu eraikinaren eraberritze integralari ekitea, izan ere, aipatutako zerbitzuak eskaintzeko diseinatuta ez dagoenez, egiturazko arazoak ditu; baina, horrez gain, beste arazo batzuk ere badaude, hala nola zimitzei behin betiko aurre egiteko zailtasuna", adierazi du. "Horiei guztiei epe luzera erantzun egokia eta azkarra eman behar zaie", nabarmendu du.
Zaintzaile profesionalen diagnostiko parte-hartzailea
Bosgarren mozioaren bidez, Bilboko zaintzaile profesionalen egoerari eta premiei buruzko diagnostiko parte-hartzailea egitea eskatzen du EH Bilduk, genero-ikuspegiarekin. Diagnostikoak zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonak zein jarduera horiek modu pribatuan egiten dituztenak kontuan hartuko ditu.
Maria del Riok azaldu duenez, helburua da zaintzaileak entzutea eta beraien parte hartzea politika publikoetan erraztea. Azken batean, protagonisten eskutik errealitatea ezagutzeak zaintza-politika publiko egokiagoak eta eraginkorragoak hartzea ahalbidetuko du.
Diagnostikoak zainketa-langileen ahotsak kontuan hartzeaz gain, zainketen esparruan lan egiten duten elkarteenak, sindikatuenak, mugimendu feministarenak, edota ekonomia feministako, administrazio publikoko edo zaintzaren kontzepzioko adituenak kontuan hartzea proposatzen du Maria del Riok.