AKTUALITATEA


| 2019-07-24 15:39:00

EH BILDU Bilboko Udal Taldearen bozeramale Jone Goirizelaiak, BBK Live jaialdiko langileen lan baldintzak salatu ditu, “esklabutza egoeran lan egiten baitute eta gehienak gazteak dira”. Horregatik, Bilboko Udalari “neurriak jar ditzala” eskatu dio, “langileen lan baldintza duinak bermatzeko”. Izan ere, Udalak jaialdia kudeatzen duen Last Tour enpresari 1,4 milioi euroko laguntza zuzena ematen dio, aurrekontu osoaren %15a. “Diru asko da, Udalak bultzatutako jaialdia da, eta horregatik gure gazteak esklabo bihurtzea ezin dugu onartu”, adierazi du.

EH Bilduk joan den uztailaren 15ean BBK Live jaialdiari buruzko hainbat galdera aurkeztu zituen. Batetik Bilboko Udalak jaialdiari zuzendutako diru-laguntzari buruz eta, bestetik, enpresa antolatzaileen kontrolari buruz galdetu zuen. Gaur Xabier Otxandianok, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziak, Bilbao BBK Live jaialdiari buruz hitz egiteko agerraldia egin du eta bertan eman ditu hainbat azalpen.

“Miseria”

EH Bilduko bozeramaleak salatu duenez, BBK Live jaialdiaren “atzean miseria larria dago”. Ildo horretan, Last Tour enpresak, “bere errentagarritasun ekonomikoa du helburu bakartzat, beste ezeren gainetik”, eta zerbitzuak emateko beste enpresak azpikontratatzen dituenean, “edo kanpotarrak dira edo ez dituzte baldintzarik oinarrizkoenak betetzen”. Hortaz, “eragiten duten inpaktu ekonomikoaren alde handi bat ez da hemen gelditzen” eta, gaineratu du, “ez da hemengo enpresen aldeko apusturik egiten”.

Goirizelaiaren esanetan, Last Tourrek azpikontratatuko enpresa batek “orduko bost euroko soldatak ordaintzen dizkie langileei, edo kasu batzuetan 3,5 eurokoak”; “atsedenik gabeko 12 orduko lanaldiak jartzen dizkiete”; “kasu batzuetan kontratu barik edo kontratu irregularrekin”. Gainera, “langile batzuei gezurra esateko eskatzen diete arduradunek, Lan Ikuskaritza agertzekotan”.

Goirizelaiaren ustez, “gertaerak larriak dira, are gehiago Bilboko Udalak sustatutako jaialdia den heinean”. Horregatik, Bilboko Udalari galdetu dio Last Tour enpresari kontratua luzatzeko asmorik duen eta, era berean, neurriak eskatu dizkio enpresa antolatzaileek lan baldintza duinak bermatzeko.

Bestalde, ingurumena zaintzeko neurriak jar daitezen ere eskatu du Jone Goirizelaiak, izan ere, “komun publikoak kudeatzen zituen enpresak, jakinaren gainean egonda, ur zikinak jaurti zituen Kadaguara iaz”, eta Otxandiano zinegotziari galdetu dio ea aurten ere gauza bera gertatu den.

EH Bilduren beste galdera bat gonbidapenei buruzkoa izan da. Otxandianori Udalak zenbat gonbidapen banatzen dituen galdetzean ez du erantzuten jakin. Goirizelaiak jakinarazi dio   “bertoko hainbat euskal komunikabideek ez dute gonbidapenik jasotzen eta ez dugu ulertzen zergatik”. Era berean, BBK Live-k euskal identitatea zaindu behar duela azpimarratu du, bisitariek non dauden ikas dezaten, “batzuetan ez dakitelako Bilbon edo beste leku batean dauden”.

Horrela, Udalak sustatutako jaialdi bat dela kontuan hartuta, Goirizelaiaren esanetan, garrantzitsua da “nazioarteko talde onak izatea, bai, baina baita ere Euskal Herriko musika taldeek lekua izatea;  gure identitatea indartuko duten irudi programa bat izatea eta bertoko enpresak kontratatzeko ahaleginak egitea”. Koste hain altua duen jaialdi batek beste hainbesteko onura ekarri behar dio Bilbori”, adierazi du Jone Goirizelaiak