AKTUALITATEA


| 2025-08-20 10:34:00

EH Bilduko udal taldeak elkartasuna eta babesa adierazi die gaur Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvador artistei, joan den larunbatean, abuztuaren 16an, Aste Nagusian eman behar zuten kontzertua bertan behera utzi ostean, Udal Gobernuak egindako kudeaketa "okerrenaren" ondorioz. 

"Udal Gobernuaren kudeaketa ezin txarragoa izan da: eszenatokia muntatzeko orduan aurreikuspen, jarraipen eta alternatiben bilaketa falta; komunikazioan izandako akatsak, udal webgunean kontzertuari buruzko 'informazioa' emanez, kontzertua egin izan balitz bezala bertan behera gelditu zen arren; eta, batez ere, euskal emakume artistek udal gobernuaren aldetik jaso duten tratuaren salaketa, gutxietsi dituztela eta presioak ere jasan dituztela adierazi baitute", esan du EH Bilduk. Alderdi subiranistaren ustez, "hori guztia onartezina da", horregatik, udal Gobernuak "erantzukizunak bere gain har ditzan" azalpenak eskatuko dituela iragarri du. 

Eszenatokiaren muntaia ez zen egin enpresa esleipendunak ez zituelako ezarritako epeak bete, baina EH Bilduk azaldu duenez, prozesura aurkeztu zen enpresa bakarra izan bazen ere, argi zegoen ez zituela lote batzuen baldintzak betetzen eta jakina zen Bizkaiko beste udalerri batzuetan muntaiak egiteko izandako arazoak. 

Nolanahi ere, EH Bilduk Udal Gobernuak agertoki alternatibo bat bilatzeko gaitasun falta ere kritikatu du. "Bilbo bezalako hiri batek alternatibarik ez aurkitzea, beste udalerri batzuek egin dutenean, udal gobernuaren kudeaketa eskasaren sintoma dela deritzogu", adierazi du. 

Baina alderdi soberanistarentzat are "larriagoa" da artistek udal gobernuaren aldetik jasotako tratuaren adierazpenak. Besteak beste, udal gobernuak hasiera batean haien esku utzi zuen kontzertua bertan behera uztea, eta, ondoren, artistek bideoa egin ostean "iradokitzen diete ez dutela egoki ikusten eta kolaboratu ez gero kontuan izango zutela etorkizuneko programazioetan" esan zietela aipatu dute. "Zer jarrera mota da hori udal arduradun batzuen aldetik?", galdetu du. 

Horri gehitu behar zaio iragarritako kontzertuen lehen kartelak Kai Nakai izena baino ez zeramala, Olatz Salvador eta Maren ahaztuta. Udalarekin harremanetan jarri ondoren, akatsa konpon dezan, erantzunik jaso ez zutela adierazi dute, harik eta kontzertuan egongo direla sare sozialen bidez iragartzea erabaki zuten arte. Horren ostean, Udalak abuztuaren 4an ohar labur baten bidez jakinarazi zuen euren presentzia. 

Muntaiaren kudeaketari eta abeslariek jasotako tratuaz gain, komunikazioaren kudeaketa ere "eskasa" izan da, EH Bilduren esanetan. "Bilboko Udalaren webgune ofizialean kontzertuaren berri eman baitzen kontzertua egin izan balitz bezala horrela izan ez zen arren, eta albiste hori webgunean abuztuaren 17ko 18:00ak arte ikusgai egon zen", azaldu du. 

"Azken finean, kudeaketa negargarria izan da, ezin okerragoa. Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuak azalpenak eman beharko lituzke eta erantzukizunak bere gain hartu, Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvador euskal artistei merezi duten tratua ematen hasita, horiek baitira azaldutako guzti honen kaltetu nagusiak", azpimarratu du EH Bilduk.