EH Bildu udal taldeak urriko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez Udal Gobernuari eskatzen dio alokairuko etxebizitzen eskaintza publikoa handitzea, gutxienez, 1.335 etxebizitzatan agintaldi honetan; plangintza, aurrekontu-politika edota hitzarmen instituzionalen bidez.
Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Etxebideren datu ofizialen arabera, Bilbon erroldatutako 14.305 bizikidetza-unitatek alokairu publikoko etxebizitza bat eskatzen dute gaur egun gure hirian, eta eskaera hori etengabe hazi da azken urteotan. Hala ere, esan duenez, datu horiek ez datoz bat egungo eskaintza publikoarekin: 6.193 etxebizitza, horietatik 4.141 Udal Etxebizitzenak dira eta 2.052 Eusko Jaurlaritzarenak (Bizigune, Alokabide, alokairu soziala...).
Eskari horri epe ertain batean erantzun ahal izateko, Renedoren iritziz "beharrezkoa" da agintaldiko helburu zehatzak finkatzea. Horrela, EH Bildu Bilbok urtero alokairuko parke publikoa % 5 handitzea proposatzen du. Bere esanetan, “gutxieneko planteamendua da, bideragarria, beharrezkoa eta adostasun politiko eta sozial maila handia izan dezakeena”.
Renedok zehaztu duenez, proposamen hori onartu eta gauzatuz gero, Bilbok gutxieneko alokairu-parke publiko bat izango luke 2027an, 7.500 etxebizitza ingurukoa, eta etxebizitza kopuru horrek "eskaria asetzen ez badu ere, gure hiriko eskaintza publikoa eta beharra orekatzeko helburura hurbiltzen gaitu".
Horretarako, esan duenez, "beharrezkoa" da “dagokion Etxebizitza Planaren bidez plangintza bat egitea, helburu horrekin bat datorren urteko aurrekontu-politika bat praktikan jartzea eta etxebizitza hutsak erosteko edota eraikuntza berriak egiteko beharrezkoak diren hitzarmenak bultzatzea gainontzeko instituzioekin”.
“Proposamen hori bat dator 2030 Hiri Agendaren 8. helburuarekin, bai eta Estatuko Etxebizitza Legearekin ere, zeinak ezartzen baitu 20 urteko epean gutxienez % 20ko etxebizitza-parkea lortu behar dela gizarte-politiketarako, udalerriko etxebizitza-unitate guztiekiko”, nabarmendu du.