AKTUALITATEA


| 2023-11-03 12:59:00

Gobernu taldeak gaur aurkeztu duen aurrekontu-proiektua sakon aztertzeko zain, lehenengo balorazio batean, Maria del Rio EH Bilduren Bilboko Udaleko bozeramaileak adierazi du Udal Gobernuak "anbizio gutxiko" aurrekontu bat aurkezten duela, eta ez duela "eredua aldatzearen aldeko apusturik egiten". Era berean, ohartarazi du "bizi dugun ziklo berrian ezin zaiela aurre egin egungo erronkei errezeta zaharrekin".

"Udal gobernuak proposatutako aurrekontuak Bilboko immobilismoan sakontzen duen bitartean, EH Bilduren ustez, aurrekontuak egungo beharrei erantzuteko tresna bihurtu behar dira, hala nola bizitzaren garestitasunari, krisi ekologikoari edota etxebizitzaren beharrari aurre egiteko tresna, hain zuzen ere", adierazi du.

“EH Bildun argi dugu pertsonak babestea aurrekontu honen lehentasuna izan beharko litzatekeela, eta kasu honetan ez da", gaineratu du. Horretarako, bere ustez, "ahalegin berezia egin behar da zaintzan, klima-aldaketan, etxebizitzan edo berdintasunean, besteak beste".

Del Riok gobernu taldearen "formak" ere kritikatu ditu, izan ere, "ez da aldez aurretik gainerako korporazioarekin kontrastatu, eta aurrez prestatutako aurrekontua aurkeztu digute ordu erdiko batzorde espres batean, lortu nahi diren helburuei buruzko azalpenik gabe".

Nolanahi ere, Maria del Riok adierazi du bere taldeak sakon aztertuko duela aurkeztutako aurrekontu proiektua, eta, esan duenez, EH Bildu “prest dago bizi dugun ziklo berriari aurre egingo dion aurrekontu bat lortzeko eta bilbotarren bizitza hobetzeko”.

"Gu ekarpenak egiteko prest gaude eta espero dugu  udal-gobernuaren jarrera aldatzea, Bilboko udal-taldeen eta herritarren parte-hartzeari irekitzea, hain zuzen ere", adierazi du.