Gobernu taldeak gaur aurkeztu duen aurrekontu-proiektua sakon aztertzeko zain, lehenengo balorazio batean, Jone Goirizelaia EH Bilduren Bilboko Udaleko bozeramaileak adierazi du kontu “kontinuistak”, “aurreko ekitaldietakoen antzerakoak” aurkeztu dituztela berriro ere, “nahiz eta oso bestelako testuinguru batean gauden”. “Beraz, aurrekontu hauek ez dira gai izango egungo krisi energetiko eta sozialaren egoeran bilbotarren beharrei aurre egiteko”, azpimarratu du.
Goirizelaiak udal gobernuaren "formak" ere kritikatu ditu; izan ere, esan duenez, “aurretik ez da kontrasterik egin gainerako udal taldeekin, eta aurrez prestatutako aurrekontua aurkeztu digute, lankidetzarako tarte txikia duena”. Era berean, gaineratu duenez, “batzordean datu orokor gutxi batzuk ematera mugatu diren bitartean, gobernu taldeak aurrekontuak iragarri ditu prentsaurrekoan”.
Goirizelaiak uste du, halaber, “anbizio gutxiko” aurrekontu-proiektua dela, Bilboko Udalak duen superabita kontuan hartuta, aurrekontua % 4,8 baino ez baita handitzen, % 5era ere iritsi gabe, “pertsonen beharrei erantzuteko inbertsioak egitea inoiz baino beharrezkoagoa den egoera batean, inor atzean gera ez dadin”.
Nabarmendu duenez, “inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte-politiketan, udal-etxebizitzetan, enpleguaren sustapenean, politika feministetan eta larrialdi klimatikoari aurre egingo dioten politiketan inbertitzea, eta askok uste dugu gaur aurkeztutako kontuek ez dutela apustu garrantzitsurik egiten eremu horietan, hain beharrezkoa denean bizi dugun testuinguruan”.
Ildo beretik, adierazi du kontu horiek ere “ez dutela arreta auzoetan jartzen; izan ere, inbertsioa 115 milioi igo den bitartean, erdia baino gutxiago gure hirian hainbeste behar dituzten auzoentzat da”. “Gainera, Abiadura Handiko Trenari buruzko izapideak hasteko partida garrantzitsuak bideratuko direla entzun dugun bitartean, gai horri garrantzia emanez, ez dugu ezer entzun Zorrotzan trenbidea lurperatzeari buruz”, nabarmendu du.
Era berean, herritarrek aurkeztutako proposamenei 2 milioi euro soilik bideratzea kritikatu du. “Aurrekontuaren zenbatekoa kontuan hartuta, bizilagunen proposamenetara soilik kopuru hori bideratzea irrigarria da”, adierazi du.
Azkenik, Goirizelaiak adierazi du, edonola ere, aurkeztutako aurrekontu proiektua sakon aztertuko dutela, gobernu taldeak agintaldiaren amaieran dituen asmoei buruzko ideia zehatza izateko, kontuan hartuta horiek islatzen dutenak agerian utziko duela onartzen ez dutena.