Udal Gobernua Bilbon egiten ari den zuhaitz-mozketen aurka agertu da EH Bilduko udal taldea, eta datorren urriko Osoko Bilkurarako mozio bat aurkeztuko duela iragarri du, hiriko zuhaitzak eta berdeguneak babesteko eta Bilbo larrialdi klimatikora egokitzeko, hain zuzen ere. Maria del Rio bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak ekimenaren berri eman dute gaur Bilbon emandako prentsaurreko batean.
Maria del Riok gogorarazi duenez, joan den iraileko osoko bilkuran, Deustuko herritarrei esker, Agirre Lehendakariaren etorbidean zumarren mozte “indiskriminatuari” buruz eztabaidatu zen, eta Udal Gobernua mozketa “hori justifikatzera eta elkarrizketari uko egitera mugatu zen”. "Atzo bertan mozketarekin jarraitu zuten eta joan den asteburuan jakin genuen Artxandan zuhaitz gehiago moztuko zirela", gaineratu du. Egoera horren aurrean, EH Bilduk StopTala Deusto elkartearen eskaera “berea egingo duela” ziurtatu du, izan ere, “zeregin zehatz bat utzi zigun: herriko zuhaitzak babesteko ordenantza".
EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi duenez, klima-aldaketara eta trantsizio ekologiko eraginkorrera egokitzeko prozesuaren barruan, "beharrezkoa da zementuz betetako espazioak eta orubeak eraikitzeari uztea, bero-uharte bihurtzen baitira, eta ezinbestekoa bezain sinplea den zerbait lortzea: itzalak kalean". "Bilbo berdeagoa ongizate handiagoko Bilbo ere bada; izan ere, OMEk gomendatzen du hiru biztanleko zuhaitz bat egon behar dela eta oso urrun gaude helburu horretatik", gaineratu du.
Premiazko hausnarketa estrategikoa
Testuinguru horretan, Karlos Renedok hiriaren birnaturalizazioari buruzko hausnarketa estrategiko bat egiteko premia aldarrikatu du. Azaldu duenez, egungo "Berdeguneen Ordenantza" 2003ko urtarrilaren 30ean onartu zen, eta, bi hamarkaden ondoren, "ezinbestekoa da ordenantza hori eguneratzea, zuhaiztia babestea klima-aldaketaren erronka berriei aurre egiteko modu bat delako".
Esan duenez, ordenantza horrek helburu nagusi hauek izan beharko ditu: "hiri-antolamendu iraunkorra lortzea, gure kaleak eta plazak birnaturalizatzea, aterpe klimatikoak sustatzea, eta gure hiriko ingurumen-aberastasuna eta -aniztasuna babestea, zuhaitzak gure bizilagunen osasunerako elementu erabakigarri gisa ulertuta". "Beste toki batzuek, hala nola Barakaldok, egin dute jada, eta uste dugu ezin dugula minutu bat gehiago itxaron", gaineratu du.
Mozioaren bidez, udal gobernuari eskatuko diote "Berdeguneen Ordenantza" berrikusteko prozesua has dezala. Era berean, prozesu horren konplexutasunaz jabetuta, izapidetzeak irauten duen bitartean, zuhaiztia moztu edo kaltetu aurretik jarduteko protokolo bat ezartzea eskatzen du EH Bilduk. Renedok azaldu duenez, protokolo hori aldi baterako balizko tresna izango da, hiriko zuhaitzen ingurumen-babesa bermatuko duten baldintzak ezartzeko, eta, era berean, etorkizuneko urbanizazio-obretan irizpideak izateko.
“Botxoa berdetu behar da. Ezin dugu jarraitu Bilboren ikuskera hain zahar eta grisarekin; non zementua den nagusi eta berdea hiria inguratzen duen zerbait, dela, kanpoaldeko apeta moduko bat, denbora-pasa edo jolas-parkea. Udal gobernuak Bilboko mendien berdea ere zalantzan jartzen duen une honetan, EH Bilduren apustua irmoa da: berdea Bilboren bihotzera ekartzea. Ez apetaz, premiaz baizik”, azpimarratu du.