AKTUALITATEA


| 2025-11-27 09:57:00

La Perrera udal zentroan, gazteriarekin duen loturagatik, indarkeria matxistaren arloan emakume gazteentzako orientazio-, prebentzio- eta aholkularitza-zerbitzua eskaintzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamena atzera bota du udal gobernuak, "beharrezko zerbitzu bat martxan jartzeko aukera galduz", adierazi du Garazi Pereak  alderdi soberanistako zinegotziak. 

Izan ere, EH Bilduk zerbitzu hori baliabide irisgarri, konfidentzial eta espezializatu bezala proposatzen zuen eta baliabide hori berdintasunaren eta gazteriaren arloan dauden beste udal-zerbitzu batzuekin koordinatzea, bai eta indarkeria matxistaren aurka lan egiten duten ikastetxeekin, elkarte feministekin eta gizarte-erakundeekin ere. 

Garazi Pereak gogorarazi du egungo egoerak "alarma guztiak piztu" beharko lituzkeela. Ildo horretan, zehaztu du bi emakumetik batek indarkeria jasan duela Euskal Autonomi Erkidegoan, salaketak kasuen %15era iristen ez diren arren. Halaber, adierazi du Osakidetzak egunean sei emakume artatzen dituela indarkeria matxistagatik, eta horietatik %40 adingabeak direla. "Gazteen artean indarkeria matxistak forma berriak hartzen dituela ikusten ari gara: sare sozialetan, harreman afektiboetan eta modu arriskutsuan normalizatu diren kontrol dinamiketan", azaldu du.

Egoera horren aurrean, Perearen iritziz, erakunde publikoek, eta bereziki udalek, herritarrengandik hurbilenak izanda, gazteei zuzendutako prebentzio-, prestakuntza- eta laguntza-politika aktiboak bultzatu behar dituzte. "Detekzio goiztiarra eta baliabide seguru eta hurbilak eskuratzea funtsezkoak dira indarkeriaren zikloa hausteko eta horregatik da beharrezkoa EH Bilduk aurkeztutako proposamena", nabarmendu du. 

"Indarkeria mota berriei aurre egiteko, erantzun publiko berriak ere behar ditugu. Politika feministak eta berritzaileak behar ditugu, errealitate aldakorrera egokitzeko eta behar dituztenei benetako tresnak eskaintzeko gai direnak ", aldarrikatu du. 

EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Berdintasun Sailak, "zalantzarik gabe, estrategien buru izateko eta norabidea markatzeko ardura du, baina zeharkako gai bat izanik arlo guztiek beren erantzukizuna bere gain hartu behar dute". "Udal Gobernuak uko egin dio gure proposamena onartzeari, arazoari ikuspegi integral eta partekatu batetik heltzeko aukera galduz", azpimarratu du.