AKTUALITATEA


| 2019-08-09 13:42:00

Bruno Zubizarretak EH Bildu Bilboko zinegotziak jakinarazi duenez, Bilboko Udal Gobernuari LGTBI+ baliabideen udal gunea sortzea eskatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk Udalean. Espazio horrek, zehaztu duenez, bereziki, bi lan ildo izango ditu: “batetik, informazio, babesa eta LGTBI+ ahalduntzea sustatzeko zerbitzua izatea; eta, bestetik, sexu-aniztasunarentzat harrera zerbitzua izatea”.

Ildo horretan, Zubizarretak azaldu duenez, azken hamarkadetan aurrerapauso asko eman dira LGTBI+ pertsonen eskubide formalei dagokienez, baina “oraindik bide luzea daukagu errespetuzko eta bidezko gizarte bat lortzeko”; izan ere, LGTBI+ kolektiboak “jipoiak, eskoletan jazarpena eta lan arloan gutxiespena sufritzen ditu eta eleizaren alde batek konbertsio terapiak ezartzea defenditzen jarraitzen du”.

Horregatik, bere esanetan, “beharrezkoa” da “sexu-identitateagatik edota genero adierazpenagatik diskriminazio forma guztiak ezabatuko dituen eta arlo guztietan tratu berdintasuna eta aukera errealak bermatuko dituen gizarte baten alde aurrerapausoak ematea”. Hori lortzeko, Zubizarretak azpimarratu duenez, “ezinbestekoa” da “Bilbon sexu eta genero aniztasunari buruzko topaketa eta hausnarketa gunea sortzea, Iruñak eta Bartzelonak daukaten moduan”.

Zubizarretaren ustez, iraileko Osoko Bilkuran “udal gobernuak mozio hau onartuko du, LGTBI+ kolektiboarentzat nahitaezko baliabide bat delako”. Era horretan, gogoratu duenez, Bilboko Udalak “70.000 euro baino gehiago bideratu ditu irailaren 20tik 22ra  Euro Pride Bilbon antolatzeko egingo den asanbladara eta Bilbao Bizkaia Harro 2019ra 60.000 euro baino gehiago bideratu zituen”.

“Aipatutako ekitaldietara 130.000 euro baino gehiago bideratzen dituela kontuan hartuta, Bilboko Udal Gobernuak ez luke inolako eragozpenik izan behar LGTBI+ baliabideen udal gunea sortzeko, udal baliabide integrala eta LGTBI´kolektiboa ahalduntzen duena, hain zuzen ere”, adierazi du.

Azkenez, Zubizarretak adierazi duenez, “Bilbo LGTBI kolektiboarekiko diskriminazio eta biolentzia gabeko hiri askea, errespetuan oinarritutakoa, benetako berdintasun normalizatuarekin eta aurreiritzi gabekoa izatea nahi badugu, Udal Gobernuak aukera aparta du helburu horretan aurre egiteko”.