AKTUALITATEA


| 2020-05-07 12:07:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak hirian "premiazko" neurriak hartzeko eskatu dio Udal Gobernuari, besteak beste, “hiriko bide nagusiak behin behinean oinezko bihurtzea eta espaloiak zabaltzea, egun hauetan ikusi ditugun pilaketak saihesteko eta COVID-19ak sortutako krisi sanitarioaren ondorioz mantendu behar ditugun distantzia sozialak errespetatu ahal izatea bermatzeko”.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, COVID-19aren krisiaren deskonfinamenduaren faseak agerian utzi du Bilbok "aisialdirako eremu gutxi dituela, eta, ondorioz, jendea leku jakin batzuetan kontzentratzen da eta ez dira distantzia sozialak errespetatzen, horrek osasun publikoari dakarkion arriskuarekin. Hiriko bide nagusietan egunero ikusten diren irudiek hori adierazten dute”.

Hori dela eta, Zubizarretak azpimarratu duenez, "berehalako neurriak hartu behar dira pilaketak saihesteko eta segurtasun-distantziak errespetatzeko", eta neurri horiek, bere ustez, “hiriko bide nagusiak behin behinean oinezkoentzat jartzea eta 2,5 metro baino gutxiagoko zabalera duten espaloiak zabaltzea dira (Bilbon, guztien % 90 inguru)”.

"Euskal Herriko beste hiri batzuk lanean hasi dira eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeko planak garatzen ari dira, baina Bilboko Udal Gobernua atzean geratu da, eta terrazak irekiko dituela iragarri baino ez digu egin. Ados bagaude ere, uste dugu neurri horrek oinezkoentzako edo bizikletentzako plan batekin batera etorri behar duela, EH Bilduk eskatu duen bezala", gaineratu du.