Argi dago legegintzaldi hau berezia izan dela, pertsona guztien eta erakundearen egunerokotasuna baldintzatu duen pandemia bizi izan baitugu. Nolanahi ere, denbora guzti honetan EH Bildu Bilbo udal taldea oposizioaren buru izan da, bere lana eta konpromisoa herritarren zerbitzura mantenduz, jarrera kritiko baina beti eraikitzaile batetik, erdigunean bilbotarrak jarriz. Gure jardueraren ardatz estrategikoak etxebizitza, trantsizio ekologikoa, babes soziala, auzoak eta zeharkako politikak izan dira, eta, helburu horiekin, 565 proposamen baino gehiago aurkeztu ditugu, 85 akordiotara iritsiz. Horietatik 125 mozioak izan dira, eta horiekin 42 akordio lortu ditugu, bilbotarren bizitza hobetzen lagundu dutenak.
Pandemia garaian, Bilborako errekuperazio-plangintza bat aurkeztu genuen, proposamen ugarirekin eta horiek izan ziren denok ezagutzen dugun Bilbao Aurrera planaren oinarri. Garrantzitsuak izan dira EH Bilduren ekimenez lortutako akordioak, pandemiaren ondorioei modurik onenean aurre egiteko: Larrialdiko diru laguntzetan eta Prestazio Ekonomiko Berezietan zenbatekoak handitzea, baldintzak malgutzea askoz eskuragarriagoak izan daitezen; tasetan hobariak, tokiko merkataritzarako laguntzak, arrakala digitalari aurre egiteko inbertsioak eta aurrez aurreko arretan hobekuntzak. Ezin dugu ahaztu Bilbok lau hondartza berde dituela, EH Bilduren ekimenez, barrakak jarri ahal izan zirela barraketako langileei lan egiteko aukera emanez, eta, aldi berean, COVIDak osasun mentalean duen eragina aztertu zela, besteak beste.
Etxebizitza izan da gure jardueraren ardatz estrategikoetako bat, Bilboko arazo handienetako bat baita. Esparru horretan, ekimen ugari aurkeztu ditugu, eta akordio garrantzitsuak lortu ditugu, hala nola etxebizitza hutsei kanona aplikatzea adostea, haien funtzio soziala bermatzeko. Hala ere, gobernu-taldeak oraindik ez du aplikatu. Era berean, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Plan Estrategikoa egiteko sailen arteko etxebizitza-foroa abiaraztea lortu dugu.
Trantsizio energetikoari dagokionez, hainbat ekimen aurkeztu ditugu, eta nahi izan dugun guztia lortu ez dugun arren zenbait akordio lortu ditugu: energia aurrezteko berehalako ekintza-plana, hondakin organikoak gaika biltzeko programa pilotua, bisita turistiko gidatuek hirian duten eragina aztertzeko azterlana edota Bilbobusen egungo lineei buruzko ikerketa. Azken hau eginda dagoen arren, kutxa batean gorde dute, nahiz eta Bilbobus auzoen egungo beharretara egokitzeko ezinbesteko tresna izan.
Bilbotar guztien eskubideak bermatze aldera, gizarte-babesa izan da gure beste helburu nagusietako bat. Ildo horretan, EH Bilduren ekimenez, honako hauek onartu dira: genero ikuspegitik zainketen errealitateari buruzko diagnostiko parte-hartzailea egitea; etxez etxeko arreta zerbitzua indartzea, langileen eskubideak errespetatuz; zentro publikoetan irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egitea; hainbat ekimen abian jartzea, hala nola ‘Bizikletan adinik gabe', eta adinekoentzako estimulazio kognitiboko tailerrak, besteak beste.
Ez dugu bigarren eta hirugarren mailako auzorik nahi, horregatik auzoak eta haien beharrak izan dira gure lan politikoaren arrazoi, eta auzoen aldarrikapen historiko batzuei erantzuten saiatu gara. Ildo horretan, akordio bat lortu dugu metroaren 4. linea ahalik eta azkarren errealitate bihurtzeko, baina argi dago hori egikaritzeko lanean jarraitu behar dugula. Gainera, EH Bilduk eskatuta, Zorrotzako geltokirako sarbidea auzoaren erdiguneko puntu batean izatea eskatuko dio Udalak Ministerioari.
Horrez gain, Errekaldeko biaduktua eraisteko eta Betolazako bizilagunen irisgarritasun-arazoak konpontzeko eskatu dugu, baita Basurtuko anbulatorioetan lehen mailako arreta indartzeko eta zerbitzu guztiak mantentzeko ere, eta Eusko Jaurlaritzak Hijas de la Cruz erostea ikastetxe gisa erabiltzeko. Baina ekimen guzti hauek Udal gobernuak ez ditu onartu.
Zeharkako politikei dagokienez, euskara sustatzearen alde lan egin dugu, eta akordioak lortu ditugu hiri-altzarietan euskararen presentzia bermatzeko, kaleetako erabilera indartzeko eta gazte migratzaileentzako euskara-programa bat abian jartzeko.
Politika feministen arloan, Euskal Herria Bilduri esker, Bilbok mural bat du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak gogoratuz, jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista saihesteko ekintzak sustatu dira, eta Justiziaren, Segurtasunaren eta Udalaren arteko lankidetza-protokoloak hobetuko dira, indarkeria matxistaren biktimei arreta hobetzeko.
Bilboko Emakumeen Etxeari dagokionez, udal aurrekontuetan finkatutako akordio bati esker, hiri proiektu hau abiatzeko beharrezko prozesu partehartzailea abian jarri zen. Ganera Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren baitan akordia itxi dugu espazio duin bat erreserbatzeko.
Hiri Antolamenduari dagokionez, udal talde honek izan duen jarrera eraikitzailea jarrera gogorarazi behar dugu. Euskal Herria Bilduk argi du onartutako Plan Orokorra ez duela gure hiri ereduaren isla. Ez dugu uste Bilbo etorkizunera bultzatzeko balioko duenik, eremu pribatuaren goseak jasotzen dituelako, eta interes publikoari dagokionez, Bilbo deslaian uzten duelako, etorkizuneko erreskateen kontura.
Hala ere, plan honek Bilborentzat duen garrantzia kontuan hartuta, pragmatismo ariketa egitea erabaki genuen, bilbotarrei mesede egingo zieten gure proposamen zehatzekin nabarmen hobetuz: emakumeen etxea, inguru berdea handitzea, etxebizitza publiko kopurua handitzea, ekipamendu berriak eta abar.
Jarrera eraikitzailea izateaz gain, fiskalizazio eta kontrol lana ere egin dugu. Gogor kritikatu dugu gobernu taldearen gardentasun falta, besteak beste, 'iparraldeko' sarearen lizitazio irregularrak, Eurokoparen kudeaketa eta Zorrotzako trenaren lurperatzearen inguruko gorabeherak. Era berean, SAMUR eta basozainak bezalako funtsezko publikoak ezabatzearen aurka agertu gara, erabaki horiekin EAJk eta PSEk aurrera egiten baitute herritarrentzako zerbitzu publikoak desegiten eta pribatizatzen.
Udal Gobernuaren informazio eta negoziatzeko borondate falta kritikatzen dugu. Horren adibide dira legegintzaldi osoan zehar onartutako aurrekontuak, beti gure alderdiaren aurkako botoa izan dutenak; izan ere, urtez urte, EAJk eta PSEk negoziatzeko gaitasun eza erakutsi dute, eta udal kontuak inposatu dizkigute, beren hiri-eredu zaharra betikotzeko tresna, hain zuzen ere.
EH Bilduren atea beti egon da irekita, eta zabalik egongo da kolektibo sozialentzat eta Bilboko herritar guztientzat, horiek baitira gure lehentasuna. Eta ziur gaude horrela izaten jarraituko duela EH Bilduren talde berriarekin, Bilbo eraldatzeko lanean jarraituko baitu, erakundeek kalean sentitzen denaren antz handiagoa izan dezaten.