AKTUALITATEA


| 2020-02-14 13:01:00

Asier Gonzalezek, EH Bildu Bilboko zinegotziak, adierazi duenez, Segurtasun  Itunean jasotako 35 neurriak martxan jartzeko “pausoak ematen ari diren arren” horiek “eskasak dira eta atzerapenarekin datoz; izan ere, ituna 2018. urtean sinatu genuen eta neurri horiek jadanik ezarrita egon beharko lirateke, gertuko polizia eredu bat lortzeko helburuarekin, EH Bilduk defendatzen dugun moduan”.

Gonzalezek adierazpen horiek egin ditu atzo Segurtasun Itunaren batzarrean parte hartu ondoren. Horretan, Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, segurtasun itunaren betetze mailari buruzko informazioa eman zuen eta segurtasunari buruz bilbotarrek duten iritziari buruzko inkesten emaitzak aurkeztu zituen.

Segurtasun faltaren iritziari buruz, EH Bilduko zinegotziak esan duenez, “ikusten dugu herritarren segurtasun ezaren sentsazio falta igo egin dela, %27ra, hain zuzen ere, baina, aldi berean poliziaren presentziaren sentsazioa igo egin da ere bai”.

“Horrek honakoa adierazten du: kalean polizia gehiago egoteak ez du segurtasun sentsazioa areagotzen, EH Bilduk aspaldi esaten ari garen moduan. Gakoa poliziaren eredua da eta horrek argi uzten du hurbiltasun poliziaren eredua behar dugula, auzoetan eta herritarrekin gertua”, azpimarratu du.

Helburu hori lortzeko xedearekin, Gonzalezek esan duenez, atzoko batzarrean auzoetan tailerrak martxan jarri direla jakinarazi zuten. Bere esanetan, tailer horiek hurbileko polizia lortzeko “estrategikoak” dira eta horregatik orain horien “garapena eta emaitzak zeintzuk diren ikusi behar ditugu. Etorkizunerako apustu garrantzitsua da, eta horregatik jarraipen zehatza egingo dugu”, gaineratu du.   

Era berean, adierazi duenez, biolentzia matxistaren biktimei zuzendutako arreta unitatea sortzeko perfilak egiten ari direla jakinarazi zuten atzoko bileran. “EH Bilduren eskaera bat da, eta nahiz eta berandu heldu, ezinbesteko neurria da. Orain espero dugu lan hori ahalik eta arinen egitea biolentzia matxistaren biktimekin zuzendutako arreta unitatea beharrizan bat delako”, nabarmendu du.

Itunean jasotako beste neurri bat da edozein motatako ekimen jendetsuei zuzendutako protokolo berriak ezartzea. “Ez da ezer edo ia ezer egin”, kritikatu du Gonzalezek, Eurokoparen bezperatan gaudela gogoratuz. “Ulertezina”, esan du.

Azkenik, Asier Gonzalez EH Bilduk neurri guzti horien jarraipen zuzena egingo duela adierazi du, “horien ezarpena oso garrantzitsua delako hurbileko benetako polizia bat lortzeko, prebentzioa egiten duena, genero ikuspegiarekin eta eskubideei buruzko formazioarekin”.