AKTUALITATEA


| 2020-04-14 14:01:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak "kezka" agertu du Bilboko suhiltzaileen egoeraren aurrean, eta udal gobernuari eskatu dio behar diren Covid test guztiak egin ditzala, eta suhiltzaileek ez dezatela beren lanpostuetara itzuli behar izan kutsatuta ez daudela ziurtatu arte, Bilboko suhiltzaile eta herritar guztien osasuna bermatzeko helburuarekin. 

Ildo horretan, EH Bilduk galdera sorta bat helarazi dio Juan Mari Aburto alkateari, eta, besteak beste, hartutako prebentzio-neurriei buruz galdetu dio, bai eta kutsatutako suhiltzaileei eta haien lankideei aplikatutako neurriei buruz ere. 

 "Bilboko suhiltzaileak lan bikaina egiten ari dira kaleak, egoitzak, eraikin publikoak … desinfektatzen, eta eskura dituzten neurri guztiak hartzen ari dira Covid prebenitzeko, baina beharrezkoa da Bilboko Udal Gobernuak modu berean jardutea eta behar diren baliabide guztiak ezartzea haien osasuna bermatzeko. Ildo horretan, ezinbestekoa da suhiltzaileei alta ez ematea negatibo ematen duen aurretiko test bat egin barik, haien osasuna bermatzeko eta, era berean, kutsatzea saihesteko”, adierazi du udal taldeak.