AKTUALITATEA


| 2020-06-17 09:34:00

EH Bildu Udal Taldeak adierazi duenez, ‘Bilbao Aurrera’ suspertze planak jasotzen duen etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntza egokia eta beharrezkoa da, baina ez dago ados Surbisa erakunde publikoak zehaztu dituen oinarriekin, izan ere “laguntza premia duten familia ugari kanpoan utziko ditu”.     

EH Bilduko zinegotzi eta Surbisako kontseilari Asier Gonzalezek “laguntzaren oinarriek zentzu bikoitza jaso behar luketela azaldu du: auzo kaltetuenetako etxebizitzak hobetzea eta etxeko-obren langileei bultzada ematea”. Oinarriek hala jasotzen dute sarrera gisa, “baina auzo batzuk esplizituki kanpoan utzi dituzte, datu estatistikoetan oinarrituta”, izan ere, “Bilboko errentaren mediatik behera dauden auzoen mediak hartu dira kontuan”, eta formula horren “emaitza diskutigarria da, auzoen barruan dauden desberdintasun handiak ez dituelako kontuan hartzen eta egoera sozioekonomikoa guztiz berria delako Bilbon”. 

Asier Gonzalezen hitzetan, “diru laguntza familia errentaren arabera banatu beharko litzateke”, eta edozein pertsona izan beharko litzateke onuradun, “bizi den auzoa zein den kontuan hartu gabe eta errenta maila kontuan hartuz”.   

“Auzo eta barruti mugak ezin dira muga-marratzat jarri era honetako diru-laguntzen oinarriak ezartzerakoan” adierazi dute EH Bildutik. Oinarriak idazteaz arduratu den taldeak Bilboko 30 auzo onetsi eta 10 auzo kanpoan utzi ditu, “kontuan hartu gabe auzo batzuen baitako desberdintasunak, familien premiei eta etxeen egoerari dagokionez”. EH Bilduren ustez, “oinarriak zehatzagoak eta progresiboak izan zitezkeen, baldin eta diru-laguntzen asmoa bazen premia handienak dituzten familiak eta gremioak laguntzea”.