AKTUALITATEA


| 2020-05-08 12:33:00

COVID-19ak sortutako egoerari  aurre egiteko Kohesio Sozialerako eta Ekonomia, Enplegua eta Kultura suspertzeko Neurrien Plana aurkeztu du gaur Bilboko Udalak. Plan horren inguruan akordio bat lortzeko "batasuna, konfiantza eta elkarlana" izan direla "gakoak" adierazi du, Jone Goirizelaiak, EH Bilduko Bilbo udal taldeko bozeramaleak. Plan horrek EH Bilduk sozial, ekonomi eta kultur arloko bere proposamen ugarien zati handi bat jasotzen duela argitu du Goirizelaiak, “pertsonen zaintza eta ongizatea helburu beti premisa nagusitzat hartuta” nabarmendu du.

EH Bildu Bilboko bozeramaleak gogorarazi duenez, COVID 19ak eragindako osasun krisia hasi zenetik, arduraz jokatu du EH Bilduk Udal Gobernuari proposamenak helaraziz, bilbotarren unean-uneko beharrei erantzuteko, kalean bizi direnen alde, pertsona nagusien eta umeen alde, mugikortasunerako neurriak proposatuz eta abar.

Halaber, bultzada sozialerako eta suspertze ekonomikorako proposamen bat aurkeztu zuen alderdi subiranistak apirilean, orain sinatu den itunaren aurrekari gisa. Krisi sanitarioren ondorioz hartutako neurriek kalte sozial eta ekonomiko handiak ekarriko zituztela jakinik, kalteok ahalik eta lasterren arintze aldera neurri publiko ausartak hartu behar zirela defendatu zuen EH Bildu Bilbok. Alde horretatik, bere proposamenean   babes laguntza sozialak, zerga-hobariak eta hiriko jarduera ekonomiko eta kulturala aktibatzeko neurriak jasotzen ziren.

Ildo horretan, EH Bilduko bozeramaleak azaldu duenez, Gobernu taldearekin negoziatu eta lan egin ondoren, azkenean, lortutako akordioari esker, adostutako neurriak lehen bailehen aktibatzea bideratuko dugu. "EH Bilduk proposatu dituen neurri eta partida asko sartzen" ditu, eta, bere esanetan, horiek "ezinbestekoak" dira. Beste batzuen artean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eta Prestazio Ekonomiko Berezien zenbatekoak 3,5 milioi eurora igo dira eta baldintzak malguak izango dira, eskuragarriagoak izateko; bestetik adinekoen, emakumeen, haurren eta etxerik gabeko herritarren aldeko neurriak eta arrakala digitalari aurre egiteko inbertsioak ere jaso ditu planak”.

EH Bilduren neurriak “proposamen ekonomiko hutsetatik haragokoak ere baziren arren”,  koalizio subiranistak “tasen inguruan proposatutako hobari batzuk ere jaso ditu azken Udal Akordioak”.

"Enpleguari dagokionez, Bilbao Ekintzaren Enplegu Planak bultzatzeko hasierako zenbatekoak handitu dira, baita “kontsumo lokala estimulatzeko erosketa-bonuak ere ugaritu dira, saltzaileen eta erosleen alde", gehitu du Goirizelaiak.

Ildo berean, Goirizelaiak esan duenez, EH Bilduk kultur agenda suspertzeko abiarazitako ekimenetako batzuk ere gehitu ditu, eta, aldi berean, euskarazko kultur ekoizpenerako laguntzak gehitu dira.

Lehen alea eta ariketa kolektiboa

Goirizelaiaren hitzetan, "premiazko plan bat dugu, premiazko neurriak dituena, eta berehala jarri behar ditugu martxan neurriok"; izan ere, "Bilboko herritar guztiei lehen bailehen laguntzen hastea tokatzen zaio Bilboko Udalari, eta bidean ikusiko dugu ea proposatutakoa nahikoa den ala bultzada publikoa handiagoa izan behar den”.

Bere esanetan, gaur aurkeztutako Udal Plana “guztiok egiten ari garen ariketa kolektiboan pieza bat gehiago; sarean milaka bilbotar egiten ari diren ariketaren beste pieza bat”. Gaineratu duenez, “danak lotuta goaz aurrera: osasun arloko langileak, auzoetako elkartasun-sareak; garbitzaileak, gizarte-langileak, irakasleak, sindikalistak, etxetik urrun konfinatuta dauden bilbotarrak eta euren senideak, haurrak, aitite-amamak…".

Azkenik Jone Goirizelaiak gogoan izan ditu bidean joan zaizkigun auzokideak eta bilbotarrak animatu ditu etorkizunera begira baikor azaltzeko, “gora bihotzak” aldarrikatuz.