AKTUALITATEA


| 2022-01-17 14:57:00

Jone Goirizelaia EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramaileak kritikatu duenez, Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak gaur Bizkaia Dorrean nazioarteko ekintzailetza zentroa aurkezteko egin duten ekitaldia “propaganda ekitaldi hutsa izan da”, bertan ez baitute “inolako informazio praktikorik eskaini”.

“Komunikabideen bidez jakin izan dugunez, irailean 30 enpresekin hasiko du ibilbidea, baina ez dakigu zeintzuk diren enpresak, zein sektoretan aritzen diren, zer jatorri duten, zer eragiketa-esparru duten, zer baldintza ezarri zaizkien eta zer eragin duen horrek Bizkaiko eta Bilboko ekonomian”, adierazi du.  

Horrela, Goirizelaiak kritikatu du zentro horren kudeaketan “gardentasun falta berriro ere protagonista izatea”. Ildo horretan, ekintzailetza-zentro horren kudeaketa “bidegabekerien multzo” bat izan dela azpimarratu du.

Gogorarazi duenez, 2020ko urtarrilean kudeaketa esleitzeko deitutako lehen lehiaketa publikoa hutsik geratu zen. Bigarrenean, publizitatedun prozedura negoziatu bat, hautagaiak galdu zituen bidean, nahiz eta, aurreko lizitazioarekin alderatuta, 20 milioi euro gutxiago ordaindu beharko zituzten eta 10 milioi euro gehiago kobratuko zituzten.

“Proiektu hau oso garesti atera zaigu; lehenik eta behin, Udalak 3,9 milioi euro gehitu behar izan zizkion prozedura aldatzeagatik hasiera batean esleituta zeuden 3,7 milioi udal-ekarpenari. Ondoren, lehiaketa hutsik geratu ondoren, Aldundiak iragarri zuen proiektuak 11,5 milioi euro gehiagoko kostua izango duela, 26,5 milioira iritsi arte. Eta diru hori herritarrok gure gain hartu beharko dugu, benetako zentzugabekeria, are gehiago egungo egoeran”, kritikatu du.

“Eta oraindik proiektu honek ziurgabetasun asko sorrarazten ditu. Nahiz eta batzuek ekintzailetza faro deitu, ez dakigu faro horrek nor argituko duen, norbait argitzen badu”, esan du.