AKTUALITATEA


| 2024-05-16 09:36:00

EH Bildu udal taldeak maiatzeko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko proposamen bat aurkeztu du, Bilbon tauromakia kentzea helburu duena. Horrela, erregistratutako mozioaren bidez eskatzen du Bilboko Udalak neurri zehatzak har ditzala instalazio publikoen errentamendu-kontratuetan animalien sufrimendua edo tratu txarrak eragiten dituzten inolako xedapenak ez daudela ziurtatzeko. Horrekin batera, EH Bilduk eskatu du Udalak konpromisoa har dezala indarrean dauden kontratuak berrikusteko, ahalik eta lasterren bertan behera uzteko, legeak baimentzen duen moduan.

Maria del Rio eta Garazi Perea EH Bilduko bozeramaileak eta zinegotziak ekimen horren berri eman dute gaur Bilbon emandako prentsaurreko batean. Bertan, "Bilbo XXI. mendera ekartzeko" beharra aldarrikatu dute, izan ere, "badira zaharkituta geratu diren alderdiak, Bilboko zezen-plaza adibidez , eta, zehatz-mehatz gune hori animalien torturarako erabiltzen jarraitzea".

Del Riok gogorarazi duenez, EH Bilduk bere ibilbidean zehar hainbat proposamen aurkeztu ditu zezen-plazak animaliak torturatzen dituen plaza izateari utz diezaion eta Bilboko herritar guztien erabilerarako gune izan dadin eta EAJ-PSE gobernu taldearen erantzuna "beti berdina izan da: ezezkoak eta gardentasun falta”.

Pereak azpimarratu duenez, “animalien aurkako tratu txarrei eta zezenketei bizkarra ematen dien hiria da Bilbo”, eta horren erakusgarri da "zezenketetara urtetik urtera gero eta pertsona gutxiago joatea". 

Animalien tratu txarren aurkako Herri Ekimen Legegilea

Esan duenez, "praktika horrekin amaitzeko testuinguru egokian gaude", izan ere, "tauromakiaren kultura ondareari buruzko 18/2013 Legea indargabetzeko herri ekimen legegile bat abian da". Pereak azaldu duenez, lege hau indargabetzea “ez da kontu logiko hutsa, -torturari kultura deitzea-“ baizik eta erabaki horrek "udalei askatasun gehiago emango lieke zezen-plazen erabilerari buruzko erabakiak hartu ahal izateko.”

 

Ildo horretan, maiatzaren 30eko osoko bilkuran Vista Alegren zezenketekin amaitzeko mozioa aurkeztuko dutela adierazi du. "Neurri zehatzak har daitezke instalazio publikoen errentamendu-kontratuetan (zezen-plazak, esaterako) animalien sufrimendua edo tratu txarrak eragiten dituzten xedapenak ez daudela ziurtatzeko", adierazi du.

 

Bere ustez, Bilboko Udalak "berarenak diren azpiegiturak erabilera eta zerbitzu publikorako izatea bermatu behar du, Bilboko bizilagunen gehiengo sozialaren mesedetan", eta horregatik, EH Bilduk indarrean dauden kontratuak berrikustea eta eskatutako estandar etikoekin bat ez datozenak bertan behera uztea proposatu du.

Horri dagokionez, Maria del Riok argitu du "borondate kontua" dela. "EAJk eta PSEk erabaki behar dute animalien tortura bultzatzen eta babesten jarraitzea edo animalien aurkako tratu txarrik gabeko Bilbo baterantz aurrera egitea, azpiegitura publikoei dagokienez", adierazi du. 

Horren ildotik, gogorarazi du iraileko osoko bilkuran, Udal Gobernuak, PPren ekimenez, zezenketak Aste Nagusiko programan sartzeko konpromisoa hartu zuela, "atzerapausoa emanez". "Proposamen anakronikoen aurrean, Bilboko gehiengo sozialarekin bat egiteko eskatzen diogu PNV-PSEri, tauromakiaren amaitzeko", adierazi du. 

Azkenik, Del Riok eta Pereak gogorarazi dute EH Bilduko zinegotziek bat egin dutela tauromakiaren kultura ondareari buruzko 18/2013 Legea indargabetzeko herri ekimen legegilearekin, eta Bilboko herritar guztiak animatu dituzte horrekin bat egitera, guztion artean zezenketekin amaitzeko urratsak eman ahal izateko.