AKTUALITATEA


| 2019-10-30 14:10:00

Bilboko Udaleko EAJ-PNV, EH BILDU eta ELKARREKIN-PODEMOS taldeek Kataluniako buruzagi independentisten epaia dela eta adierazi nahi dugu bat egiten dugula Gure Esku Dago dinamikak kaleratutako adierazpenarekin. Horrela dio:

Lehenik eta behin, gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari, Zintzotasun osoz, bidegabekeria itzela deritzogu Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari. Eta, gainera, uste osoa dugu epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat.

Prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; aitzitik, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Hain zuzen, presoak askatzeko talde honek egindako eskaerari muzin egin zaio.

Bidegabekeria honen aurrean, preso guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi zaituztegu. Epai honen ondorio larriak zuzenean pairatu behar dituztenei eta haien senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu.

Zigor epai honetan, kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen eta autodeterminazio eskubidearen edota erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak. Erabat onartezina da. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik.

Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta. Premiazko eginkizuna da.

Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera, gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu beharrekoak.

Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago. Horregatik, injustizien aurrean herritarren mobilizazioan sinesten dugu.