AKTUALITATEA


| 2025-02-27 12:51:00

EH Bildu udal taldeak hainbat konpromiso lortu ditu Bilboko Udalaren aldetik zainketen arloan. Akordio horiei esker, Bilbo hiri zaintzaile bihurtzeko pausoak emango dira, Maria del Rio udal bozeramaileak azaldu duenez. Horrela, alderdi subiranistaren ekimenez, gobernu-taldeak beharrezko jarduketak egingo ditu Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua (SMUS) eta Gaueko Harrerako Udal Zerbitzua (SMAN) hartzen duen Uribitarte 11ko eraikinean; zaintzaile profesionalen egoerari eta premiei buruzko genero-ikuspegidun diagnostiko bat egingo du, eta haur eta gazteek hiriaren eta bereziki jolas-parke eta plaza berrien diseinuan parte hartuko dute. 

SMUS/SMAN 

Maria del Riok azaldu duenez, EH Bilduren eta gobernu taldearen artean transakzionatutako zuzenketa bat onartu ondoren, alderdi subiranistak egindako proposamen baten ondorioz, Udal Gobernuak konpromisoa hartu du 2026an SMUSa eta SMANa hartzen dituen eraikinean (Uribitarte 11) egin beharreko jarduerei ekiteko, eragile nagusien eta erabiltzaileen parte-hartzearekin. 

Del Rioren arabera, "ezinbestekoa" da eraikinari heltzea bere egoera kontuan hartuta, izan ere, "hartzen dituen zerbitzuak eskaintzeko diseinatuta ez egoteagatik berezko zailtasunez gain, beste arazo batzuk ere baditu". Besteak beste, joan den uztailaren 10ean hasi zen zimitz-izurriteari aurre egiteko konplexutasuna aipatu du, hilabeteak kostatu baitzen konpontzea, erabiltzaileei eta langileei eraginez. "Hamar urteren ostean, eraikina erabat eraberritzeko garaia da, ez du balio adabakiak jartzeak", adierazi du. 

EH Bilduko bozeramaileak aitortu du "erabat kontziente" dela hori ez dela "larrialdi sozialetako zerbitzuek duten arazo bakarra", baina, esan duenez, bere proposamenaren helburua da "eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea hobetzea eta arreta ahalik eta duintasun handienarekin ematea". "Kalitatezko zerbitzu publikoak azpiegitura egokietan eskaini behar dira", adierazi du. 

Zaintzaileen egoerari buruzko diagnostiko parte hartzailea  

Bestalde, EH Bilduk lortutako beste akordio baten bidez, Bilboko Udalak konpromisoa hartu du Bilboko zaintzaile profesionalen egoerari eta premiei buruzko genero-ikuspegidun diagnostiko bat egiteko, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzarekin batera, zaintzailearen eta zaintzaile profesionalaren euskal Estatutua garatzen laguntzeko, zaintzaileen parte-hartzearekin. 

Proposamena aurkezterakoan Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eta zaintza sektoreko langileen lanaren garrantzia aitortu du Del Riok. Bere ustez, "funtsezkoa da zainketa-lana aitortzea eta prestigiatzea". Proposamenaren helburua, esan duenez, "zaintza profesionaleko lanaren ordezkaritza hobetzea da, zaintzen dituzten pertsonei zuzenean entzun diezaieten eta politika publikoetan parte har dezaten sustatuz". 

"Bilbo Hiri Zaintzaile izateko bidean urrats sendoak ematen jarraitu behar dugu. Badakigu helburua ez dela erraza. Are gehiago, aurrean dugun erronka nagusietako bat da. Guztion ardura da, Udaleko sail bakoitzarena, zainketen politika publikoa erdigunean jartzea", nabarmendu du.

Haurren eta gazteen parte-hartzea hiriaren diseinuan 

Bestalde, EH Bilduren proposamenaren harira, gobernu taldearekin onartutako zuzenketa bati esker, haurrek eta gazteek hiriaren diseinuan parte hartzea bultzatuko da, ikastetxeekin lankidetzan, bereziki jolas parke eta plaza berrien proposamenetarako parte-hartze saioekin. 

Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, "errealitatea bat da hiriak, gehienbat, helduentzat diseinatu direla, haurrak garapenerako funtsezko piezatzat hartu gabe". Hala ere, adierazi duenez, parkeak, plazak eta espazio publikoak sortzerakoan umeen parte hartzeak "ez du soilik haurrentzat egokiagoak diren inguruneak bermatzen, baizik eta haien pertenentzia-zentzua eta komunitatearekiko erantzukizuna ere indartzen ditu". 

"Haurren ikuspegia kontuan hartzen duen hiri-diseinu batek herritar guztien bizi-kalitatea hobetu dezake, espazio seguruagoak, irisgarriagoak eta dinamikoagoak sustatuz", azpimarratu du. 

Horregatik, akordioa "oso positibotzat" jo du, "Bilbok ingurune bidezkoago eta adiskidetsuago bat eraikitzeko bidean aurrera egiteko aukera eskainiko duelako, ez bakarrik haurtzaroarekin, baita belaunaldi guztiekin ere". "Norabide horretan aurrera egiten jarraitzea espero dugu, hiri-diseinuan haurren parte-hartzea sustatuz eta espazio publiko inklusiboagoen aldeko apustua eginez", amaitu du.