AKTUALITATEA


| 2019-07-11 11:45:00

EH Bildu Bilbok salatu duenez, Udal Gobernuak “udan ere martxan dagoen Bilbo idiliko baten itxura saldu nahi duen arren, hori ez da benetako egoera”; izan ere, “Bilbo errealean eta udalean martxan daudenak lan-gatazkak dira, langileen eskubideak behin da berriz urratzen direlako eta horrek, eragina du zerbitzu publikoetan eta, ondorioz, herritarrengan”.

 “Bilboko alkateak gatazka horiei buruz ez du ezer jakin nahi eta joan den astean proposatutako 100 proposamenetan ez ditu aipatu ere egiten; izan ere, Aburtori bost axola langileen eskubideak. Ametsetako Bilbo bat aurkezten digu alkateak, Bilbo hori langile askorentzat ametza gaiztoa denean”, adierazi du EH Bildu Bilboko bozeramaleak, Jone Goirizelaiak.  

Goirizelaiak gaur prentsaurrekoa eskaini du Bruno Zubizarreta eta Asier Gonzalez, EH Bildu Bilboko zinegotziekin, batera. Bertan, egun Bilboko Udalean dauden lan-gatazka ezberdinen berri eman du. Horren adibide argia Bilbao Kirolak-en gertatzen ari dena dela adierazi du.

“Bilbao Kirolak-eko langileak, azpikontratatutako enpresa batekoak, grebak egiten ari dira dagozkien eskubideak aldarrikatzeko. Horren ondorioz, herritarrek ezin dute udal igerilekuak erabili, gainera udan, bilbotar askok kanpoko igerilekuekin gozatzen duten garaian. Aburto, udan martxan dagoen Bilbon, igerilekuak etenda daude”, azaldu du.

010, Cimubisa eta Etxez etxeko zerbitzua

Era berean, kaltetutako beste zerbitzu bat herritarren arretarako 010 telefonoa dela esan du, izan ere, “bertoko langileek protestak egin dituzte baldintza-agiriak behin da berriz urratzen direlako”. Udal informatika zerbitzuen mantenuaz arduratzen den Cimubisa enpresaren kasua ere aipatu du Goirizelaiak. Hemen, salatu denez, “langileak azpikontratatu dira 20 urteetako egiturazko zerbitzu bat eskaintzeko, lan baldintza oso txarrekin eta subrogazio aukera ere izan barik”. “Lan inspekzioak salatu du, horrek Bilboko udalaren utzikeria agerian uzten du, langileen baldintzei dagokienez ”, gaineratu du. 

EH Bildu Bilboko bozeramaleak azaldu duenez, etxez etxeko zerbitzuak ere “gabezia garrantzitsuak” ditu eta horrek “eragin zuzena du gure nagusien eta menpekotasuna duten pertsonen arretan”. Gogoratu duenez, EH Bildu Bilbok langileen lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzuaren prestazioa baloratzeko organo bat sortzea proposatu zuen, eragile guztien parte hartzearekin, baina “udal gobernuak ez zuen onartu, Bilbo idiliko honetan”.

“Martxan daukagun beste lan-gatazka bat Bilboko suhiltzailerena da eta herri segurtasuna bermatu nahi badugu ezinbestekoa da euren aldarrikapenak onartzea (EPEak ahalik eta gehien aprobetxatzea , gutxieneko guardiak handitzea…)”, gaineratu du.

Etxebarriako parkea eta BBK Live jaialdia

Bestalde, gogoratu duenez, atzo udal gobernuak Etxebarriako parkean egin diren hobekuntzak aurkeztu ditu “baina ez ditu irregulartasunak aipatu”. Kasu honetan, bere esanetan, “azpikontratatutako enpresak ohiko hiru langile erabili ditu, lorezaintzako beste lan batzuk egiten egon beharko zirenak, nahiz eta baldintza-agirietan zehaztu Etxebarriako parkeko lan hori egiteko langile gehiago kontratatu behar zirela, ez ohiko aurrekontua duen lana delako”

Goirizelaiak BBK Live bezalako jaialdi handiak ere aipatu ditu; izan ere, udal gobernuak “diru kantitate garrantzitsuak bideratzen ditu, baina gero ez du ezelako kontrolik egiten enpresa antolatzaileengan eta, jakin badakigu, langileak esplotatzen dituela eta iaz ingurumenean ere kalte izugarriak eragin zituztela, ur fekalak Kadaguako errekara jaurti zituztelako, kontrolik gabe”.

 “Hau da udan ere eteten ez den Bilbo? Hau da auzoei eta herritarrei erantzuna emateko makinaria guztia martxan duen Bilbo?”, galdetu du Goirizelaiak. “Aipatutako lan-gatazkek auzo eta herritarren beharrei erantzuna eman beharrean, Bilboko Udalak eskaini beharko lituzkeen kalitatezko zerbitzu publikoak kaltetzen dituzte”, gaineratu du.

Ildo horretan, Aburtori gogoratu dio, joan den astean 100 proposamenen zerrenda aurkeztu zuela eta horietan “ez zuela aipatutako lan-gatazkei irtenbiderik proposatzen”. “Argi dago zeintzuk diren Aburtoren lehentasunak eta ez direla ez langileak ezta ere herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea; zinegotziek ez diote lan-gatazken berri ematen? Desordena eta zentzugabekeria horien aurrean zelan ahal da beste alde batera begiratu?”, azpimarratu du.

Proposamenak

Goirizelaiaren ustez, “ezinbestekoa” da arazo hauei “ahalik eta arinen” irtenbidea aurkitzea. Bere esanetan, EH Bildu Bilbok zerbitzu publikoen “zuzeneko kudeaketaren” alde egiten du, “langileen eskubideak eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko erarik onena delako”.

Hala ere, gaineratu duenez, azpikontratekin jarraitzen den bitartean, udal gobernuari aldarrikatzen diogu, “azpikontratazioak egiterakoan, baldintza sozialak eskatzeko, azpikontratatutako enpresek lan baldintza duinak, berdintasuna, euskara eta ingurumenaren zaintza berma ditzaten”. Horrez gain, Goirizelaiak azpikontratak “kontrolatzeko mekanismoak” aldarrikatu ditu, izan ere, “egun ez daude Bilboko udalean”.

 Goirizelaiak Bilboko EH Bilduko taldea “bideratzaile” izateko prest dagoela nabarmendu du.  “Premiazkoa da lan-gatazka horiei irtenbidea ematea, batetik, lan eskubideak bermatzeko eta, bestetik, bilbotarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko”. “Azpikontratak eta txandako Last Tour-ek eurek nahi dutena egiten dute eta administrazio publikoak ez luke horrelakorik onartu behar”, esan du.